Espainiako Auzitegi Nazionalean kereila kriminala aurkeztu dute desagertutakoen senideek
Kristina Berasain. BERRIAn argitaratua.
Maroko azken hogeita hamaika urteotan sahararren kontra daramatzan errepresiozko politikan ugariak izan dira egindako gizateriaren kontrako krimenak. Urte luze hauetako jazarpenaren erantzuleak, dena den, ez dira inoiz justiziaren aurrera eraman eta zigorgabetasunari aurre egiteko urratsa eman zuten atzo. Espainiako Auzitegi Nazionalaren aurrean kereila kriminal bat aurkeztu zuten desagertutako sahararren senideek eta giza eskubideen aldeko hainbat erakundek. Marokoko 31 agintari ohi eta militar ohiren kontrako kereila kriminala da. Genozidioa, hilketak, torturak, legez kanpoko atxiloketak eta pertsonak desagerraraztea leporatzen diete.
Urte hauetan guztietan 542 saharar desagertu direla salatu zuten kereila kriminala jarri zuten taldeetako ordezkariek. «Desagertuetako asko helikopteroetatik bota zituzten jakitera nora. Herri sahararra desagerrarazteko plan sistematiko bat zegoen. Oso ondo antolatuta zegoen dena. Inbasio gerra bat jarri zuten martxan eta, ondorioz, 40.000 pertsonak euren etxeetatik alde egin behar izan zuten. Basamortura ihes egin zuten eta jazartuta izan ziren. Bonbardatu egin zituzten, napalm, fosforo zuria eta zatikatze-bonbekin».
Akusatuen zerrendan agintari eta militar ohi ugari daude -hogeita hamaika orotara-. Dris Basri Marokoko Barne ministro ohia, Jassine Mansouri Marokoko Erregearen aholkulari berezia, Abdelasis Bannani Marokoko armadako jeneral gorena, Housni Ben Sliman Marokoko erregearen armadako jeneral gorena, Hamidou Lanigri Marokoko Segurtasun Nazionaleko zuzendari nagusia eta Abdelhafid Ben Hachem Segurtasun Nazionaleko zuzendari nagusia daude. Izen hauez gain krimenen erantzule zuzenak, egileak, sopikunak edo estaltzaileak zigortzeko eskatzen du kereilak -orotara mila orrialde ditu kereila kriminalak-.
AITZINDARIEN ITZALEAN. Nazioarteko hainbat diktaduren zigorgabetasuna amaitzeko azken urteotan eman diren urratsak adibide izan dute ekimen honetako ordezkariek. Marokoren jazarpenaren biktima izan ziren saharar askok nortasun agiri espainiarra zuten; izan ere, Espainiaren 53. probintzia zen garai hartan Mendebaldeko Sahara.
Polisarioaren kontra salaketa jarriko dutela iragarri du Marokok
Marokoko Sahara Elkarteak datozen egonotan salaketa bat jarriko duela iragarri zuen atzo. Fronte Polisarioko agintariek «gizateriaren kontrako krimenak» egin dituztela salatu zuen ohar baten bidez. Aljeriako armadako hainbat ofizial ere salaketaren barruan sartuko dituztela zehaztu zuen erakundeak. «Fronte Polisarioak eta Aljeriako armadak dozenaka zibil marokoar atxilotu eta kartzelatu zituzten 70eko eta 80ko hamarkadetan». Salaketa Espainiako Auzitegi Gorenean jarriko dutela aurreratu zuten, eta dagoeneko hainbat abokaturekin harremanetan jarri direla. Erakundearen arabera, zibil errugabeen kontrako krimenen erantzuleak zigortu egin behar dira. Sahararren senideek kereila jarri eta gero egin zuen publiko oharra erakundeak.
Copia permitida segun
0 Respuestas a “Marokoren kontrako kereila jarri dute, sahararrak jazartzeagatik”