UNAI ZUBELDIA – Berria. Donostia. Kilo bat arroz, kilo bat azukre, kaxa bat aspirina… Gauza txikiena ere izugarria da Mendebaldeko Saharako herritarrentzat. Gure egoera gertutik ezagutzea gustatuko litzaidake, errealitateaz jabetzeko. Izan ere, krisian gaude, eta Saharako herriak elikagaiak behar ditu». Hunkituta dago Murgia Abdula. Zazpi urte daramatza Euskal Herrian, baina herrikideak oso gogoan ditu. Hizketan hasterako kamioiak iristen hasi dira, etengabe. «Euskadi Sahararen alde» irakur daiteke batean; ikurrin bat eta Saharako bandera besarkatuta ageri dira beste batean; desertu erdian dauden hainbat kanpaleku irudikatzen ditu hirugarren kamioiak…
«Badakit karabana hau Saharako herritarrengana iritsiko dela». Hala desio du. Hirugarren urtez, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan bildutako 400 tona elikagai eta sendagai Saharako Tindufeko iheslari gunerako bidean daude. 28 kamioi, denera; 12 elikagaiez beteta. Arroz ale bakoitzarekin itxaropen txiki bat bidali dute herritarrek. Baina aurten beste laguntza bat ere bidali nahi dute. Bi berotegi jartzeko proiektua dago Aaiunen, modu horretan elikagai freskoak ere izan ditzaten.«Karabana honekin, Euskal Herriak eta euskal erakundeek arrasto sakona utziko dute saharar guztien bihotzetan». Mohamed El Mamun Fronte Polisarioak Euskal Herrian duen ordezkariak gogorarazi zuenez, Tindufeko errefuxiatu guneko egoera «oso larria» da. «Orain daukaten elikagai kopuruarekin ez dira iritsiko apirilera. Deitoragarria da Frantziaren presioarekin Nazio Batuen Erakundeak Saharako herriari ematen dioten laguntza %43 gutxitu izana. Baina ez dugu etsiko; gure eskubideei ez diegu uko egingo».
El Mamunek Jose Luis Rodriguez Zapatero Espainiako presidenteari ere mezu argia helarazi zion: «Bihar [gaur] Euskal Herrian izango dela aprobetxatuta, Mendebaldeko Saharako bake prozesuaren alde borroka egin dezala eskatzen diogu. Izan ere, Espainia da Saharako herriaren 30 urte baino gehiagoko gurutze bidearen erantzulea. Elkartasun politikoa behar dugu, arazoari irtenbidea aurkitzeko eta Saharako herriak laguntza gehiagorik behar ez izateko». Odon Elorza Donostiako alkateak ere, Mohamed El Mamunen eskaera guztiekin bat egin, eta Zapaterori laguntza eta elkartasuna «bikoizteko» eskatu zion.
Baina elkartasuna eskatu bakarrik ez: eskaini ere egin zuten sahararrek. Tea eskainiz eta kantari eskertu zieten euskal herritarrei euren elkartasun keinua. Zoura Zeina edo Iraultza oso polita da kanta abestu zuen Murgia Abdulak, gainerako sahararren txalo, irrintzi eta aldarrikapenen artean.
«Saharak elkartasuna behar du, eta gaurkoa oso egun berezia da, elikagaiak bidaliko baititugu gure herrialdera. Denetik behar dugu». Elkartasuna eskatu, baina Abdulak berak ere elkartasuna erakutsi du. Izan ere, euskaraz hitz egiten ikasten ari da. «Asko kostatzen ari zait, baina gustatzen zait». Horren erakusgarri, euskaraz agurtu du kazetaria. «Eskerrik asko eta ondo ibili» esanez joan da bere lagunengana, erdi lotsatuta.
ELKARTASUNA ETA ALDARRIKAPENA. Azaroan hasi eta ordutik, herriz herri, pabiloietan janaria biltzen aritu dira. Garraiorako kamioiak ere erosi dituzte, udalen, Eusko Jaurlaritzaren eta aldundien laguntzarekin. «Ibiltzeko moduan daudenak, baina ahalik eta merkeenak direnak erosten saiatzen gara, baina 10.000 euro inguru balio izaten dute». Agurtzane Bernaras elkartasun karabanaren Gipuzkoako arduradunak kamioi gidarien eskuzabaltasuna eskertu zuen. «Gidari guzti-guztiak boluntarioak dira. Donostiatik atera eta zuzenean Alacantera (Herrialde Katalanak) joango dira, eta gidariak bueltan etorriko dira. Elikagaiak itsasontzi batean sartzen dituzte bertan, Oraneraino (Aljeria), eta handik, Fronte Polisarioaren ardurapean, desertura eramaten dituzte, Tindufera, 2.000 kilometroko ibilbidean».
Kamioiak, gainera, ez dira ohikoak izaten. Laguntzane Garciak diseinatu ditu. «Sahara Mendebaldeko egoera salatzeaz gain, irudiekin elkartasuna ere adierazi nahi izan dut. Ikurrina eta Saharako bandera elkartu egin ditut, euskaldunek sahararrak babesten dituztela erakusteko. Eta itxaropena ere irudikatu nahi izan dut 28 kamioi horietako batean. Harresia apurtu eta Mendebaldeko Sahara ikusten da bertan, Sahara askea».
ELIKAGAIEI HARRERA BEROA. Laster iritsiko da poztasuna Saharara. «Euskal Herritik iristen zaien janaria jasotzeko unean festa handia egiten dute. Hortik egiten dute banaketa kanpaleku bakoitzera, familia bakoitzari. Oso momentu hunkigarria izaten da», zehaztu zuen Bernarasek.
Joxean, Mari Luz, Koro, Amaia, Matias, Aitor, Eneko, Santi, Lurdes, Fidel, Mikel eta Ander ere umoretsu daude. Haietako bost Donostiako autobus gidariak dira, eta, iaz bezala, aurten ere elikagaiak Alacanteraino eramateko prest daude. «Baina ez dakit azkenean joango garen. Iaz autobusetan joan ginen, baina aurten ez dakit zer arazo egon den aldundiekin, eta azkenean autobusik ez doa. Donostiako autobusik ere ez». Denak elkarrekin joatekoak ziren, baina eguerdian oraindik ez zekiten Alacantera edo Euskadiko Sei Orduetara joango ziren. «Hala ere, elkartasuna erakutsi nahi diegu».
Sufrimendua, elkartasuna, poza… eta omenaldia. «Saharako herriak asko maite duen pertsona bat omendu nahi dugu». Sahararen alde lan egiten duten elkarteetako kide bat hil zen iaz, «Amurrioko Pako». Familia ondoan zela, Mohamed El Mamunek Pakoren lana «eredugarria» izan zela adierazi zuen. «Pakok bere bihotzean Saharako herria izan zuen moduan izango dugu sahararrok Pako geure bihotzetan».
Copia permitida segun
hola a todos, hermanos!!
solo quiero decir sigamos luchando por nuestro pais.Para tener un pais libre,independiente y sobre todo en paz!! no a los marroquis!!! viva rasd!!!!!”GORA EUSKADI ETA SAHARA ASKATUTAK!!!!!!!!”