Saharaui preso ohiari elkarrizketa egin dio BERRIAko Kristina Berasainek.
Kristina Berasain. BERRIAn argitaratua. Giza eskubideen alde lan egiten duen ekintzaileen ikur bilakatu da sahararren artean Ali Salem Tamek (Assa, Maroko, 1973). Marokoko Egia eta Justizia Erakundeko Batzorde Nazionaleko kidea eta Mendebaldeko Saharako Giza Eskubideen Babeserako Batzordeko presidentea da. Sahararren duintasunaren alde egindako lanaren ordainetan kartzelan sartu dute lau alditan. Mendebaldeko Saharan bizi da egun, Aaiun hiriburuan. Bertan piztu den intifada ez dela berria ohartarazi dio berriari.
Marokoko erakunde batean ari zara lanean sahararren giza eskubideen alde. Ohikoa al da hori?
Marokon historikoki sahararrak sostengatu dituzten ezkerreko taldeak egon dira. Marokok erakunde horiek debekatu eta bertako kideak kartzelatu dituen arren, lanean jarraitzen dugu. Giza eskubideen urratze guztiak salatu behar direla uste dut.
Jatorriz tribu berbere bateko kidea zara. Zergatik duzu konpromiso hori sahararrekiko?
Ni sahararra naiz, aita eta ama eta nire familiaren zati handi bat errefuxiatu guneetan bizi da. Ez diot garrantzirik ematen tribu bateko kidea edo bestekoa izateari. Sahararren borroka zilegi dela iritzi diot, eta kito.
Zure familiako kide batzuek, baina, traidoretzat jo zaituzte…
Marokoren presio etengabea jaso dute nire familiako bost pertsonak nire kontra egin dezaten. Bostak funtzionarioak dira. Ni baztertzeko eta alboratzeko eskatzen diete, eta horregatik jo naute traidoretzat. Nire gertuko familia aita, ama eta arrebak, baina, presioei eta xantaiei muzin egin eta ni sostengatzen naute. Nire familiaren kontrako neurriak hartzen ari dira nigandik urrun daitezen, eta, hala, nire borroka bertan behera utz dezadan.
Hainbat alditan egon zara kartzelan. Zergatik?
Tindufeko errefuxiatu guneetan sartzen saiatzeagatik kartzelatu ninduten hirutan. Fronte Polisarioko kide izatea leporatuta beste behin.
Zer-nolako baldintzetan egon zinen kartzelan?
Kartzelan egon naizen sei urteetan hamazazpi aldiz egin dut gose greba. Luzeena hogeita bat egunekoa izan zen. Aulki gurpildun batean egon behar izan nuen hilabete eta erdi. Torturak etengabeak izan ziren galdeketetan. 2003. urteko urtarrilaren 31n ni hiltzen saiatu ziren.
Zer gertatzen ari da orain Mendebaldeko Saharan?
Independentzia aldarrikatzeko intifada sahararra ez da amets bat, errealitatea da. Fronte Polisarioaren aldeko oihuak entzun eta erakundeko banderak ikusi dira Aaiunen. Intifada beste hiri batzuetara zabaldu da: Dajlara eta Smarara. Marokoko unibertsitateetan eta hegoaldean dagoen Assa hirian ere protestak daude. Marokoko segurtasun indarren jazarpena oso bortitza izaten ari da. Hiriburua erabat inguratuta daukate, eta neurri ikaragarriak hartzen ari dira gertatzen ari dena nazioartean ikus ez dadin. Une honetan nazioarteko kazetariak eta begiraleak ezin dira sartu. Mendebaldeko Saharan egiten ari den jazarpena nazioarteko iritziaren aurrean ezkutatu nahi du Marokok.
Zergatik hasi dira protestak orain hain zuzen ere?
Intifada hau ez da berria. Hogeita hamar urte daramagu borroka honetan. Maroko orain arte gai izan da jazarpen hori nazioarteko begien aurrean ezkutatzeko, baina orain gertatzen ari dena zabaltzen ari da komunikabideetan. Orain arte inor ez da gertatu denaz konturatu, kazetariak eta begiraleak inoiz ez direlako etorri. Arazoa da aurreneko aldia dela nazioartean horren berri ematen ari dela.
Zergatik ez diete kazetariei eta begiraleei sartzen uzten?
Marokok orain dela hogeita hamar urte eraiki zuen harresia mantendu nahi du, munduak gertatzen ari denaren berri izan ez dezan.
Zer iritzi diozu nazioarteko komunitatearen jarrerari?
NBE Nazio Batuen Erakundea ez da bere esku dauden baliabide guztiak erabiltzen ari gatazkari amaiera emateko. Aaiunen dauden ordezkariak ez dira ezer egiten ari sahararrak jazarpenetik babesteko. Maroko axolagabe aritu da nazioartearen gomendio eta baldintza guztien aurrean. Espainiako Gobernuaren jarrera ere salatzen dugu.
Fronte Polisarioak armak hartuko dituela ohartarazten ari da azkenaldian. Eraginkorra izango al litzateke neurri hori?
Gerra ez da bide positibotzat jotzen, baina galdetu behar dena hauxe da: Fronte Polisarioak zergatik egin behar ditu horrelako adierazpenak? Sahararrek hogeita hamar urte daramatzate erbestean. Herritarrak banatzen dituen hesi baten alde batean eta bestean daude. Gure aberastasunak okupazio indarrak ustiatzen ari dira. Hamalau urte daramagu ez gerra eta ez bake. Maroko behin eta berriro baztertzen ari da gatazkari irtenbide baketsu bat emateko saio guztiak. Sahararrak jazarrita daude lurralde okupatuetan eta, hala ere, keinu ugari egin dituzte behin eta berriro bakearen alde.
Zer-nolako irtenbidea ikusten diozu gatazkari?
Sahararrak orain arte modu baketsuan aritu izana baliatzen du Marokok. Ez gara indarkeria erabiltzen ari eta, neurri batean, horregatik ez ditu gure independentzia eskaerak aintzat hartzen. Egoera honetan ez gara okupatzaileari loreak botatzen arituko epe luze batean. Guk geure borrokari eutsiko diogu garaipena lortu arte. Irtenbidea sahararren autodeterminazio eskubidea onartzea da. NBEk zeresan handia du horretan guztian, eta nazioarteko begirale eta kazetarien laguntza behar dugu.

Copia permitida segun
0 Respuestas a “Ali Salem Tamek: «Independentzia aldarrikatzeko intifada ez da amets bat, errealitatea da»”