Saharako heziketa bereziko eskola bateko sei haur Auritzen daude udan

Hurrengo urteetan familietara ekarri nahi dituzte.

Alaitz Osa, BERRIA. – Castro -gerra garaian jarri zioten ezizena- Mendebaldeko Saharako Smara hirian dagoen errefuxiatu kanpamenduetako batean bizi da. Ofizioz artzaina bada ere, badira urte batzuk heziketa bereziko eskola bateko zuzendari lanetan dabilela. 1995eko abenduan, Gobernuaren baimena esku artean jaso zuen une berean ekin zion ezintasunak dituzten haurrei laguntzeko eskola bat sortzeko ekimenean. Gaur egun, Smara hiri inguruan bizi diren hainbat haur ezindu joaten dira bizitzeko oinarrizkoak diren baldintzak ikastera. Hezkuntza, gizarteratzea eta autonomia lortzea dira eskolan lantzen dituzten helburu nagusi eta bakarrak.

Smarako eskola horretan ikasten duten haur ezinduetatik sei etorri dira aurtengo udan Euskal Herrira. Ekainaren 29an heldu ziren, familietara uda igarotzera etortzen diren beste hainbat ume sahararrekin batera. Sei ume ezindu horiek, ordea, ez dituzte euskal familietan banatu, guztiak batera Aurizko Udalak (Nafarroa) utzitako etxe batean daude, bi begiralerekin eta Castrorekin berarekin. Donostia ezagutu zuten atzo, eta hain estimatua duten itsasoarekin liluraturik geratu ziren. Intxaurrondo auzoko ikastolan igaro zuten gaua, eta gaur Donostia bisitatzen jarraituko dute, Saharatik etorritako gainontzeko haur guztiekin batera.

Uda Auritzen pasatuko duten arren, hurrengo urteetan euskal familiengana ekarri nahi dituzte haur horiek. Beste hizkuntza bat, beste kultura bat eta beste ohitura batzuk ikusi eta ezagutzeaz gain, familien goxotasunaz gozatzeko aukera izango baitute hartara.

Haurrek Smarako eskolan ematen dituzten urteetan, etapa batzuk gainditzen dituzte. Lehenengo urteetan, esperimentazio aldia dute. Idazten ikasi aurretik, letren esanahiarekin eta itxurarekin trebatzen hasten dira. Garai horretan, norberaren bizitzeko oinarrizko baldintzak ere ikasten dituzte, nola orraztu, nola jantzi, jan aurretik eskuak garbitzen…

Bigarren aldia idazten ikasteko garaia da. Oinarrizko baldintzak ahaztu gabe, idazketa prozesuari ekiten diote. Ondoren, ebaluazio garaian hasten dira. Orduan erabakitzen dute eskola utzi ostean ikasten jarraituko duten edo zer lan mota egingo duten… Aurten, esaterako, bi neskatila jantzigintzan hasi dira. Euskal Herritik jasotako laguntzarekin, josteko makina bana eman zaie, eta jostun gisa hasi dira lanean.

GIZARTEA OHARTARAZI. Hala ere, haurrak gizarteratzeko alderdirik zailena, gizartea bera ohartaraztea da. Ezintasunak dituzten haurrak ikasteko, lanerako, laguntzeko… gai direla ohartaraztea, hain zuzen ere.

Castroren egunak ez dira samurrak izaten. Goizean goiz jaikitzen da (06:30) eta gobernuz kanpoko erakundeek emandako laguntzari esker duen Land Rover zahar batean, etxez etxe joaten da haurren bila. Ez da erraza, bizi-baldintza horietan, haur ezinduen gurasoek haur horiek eskolara bidaltzea. Horregatik, Castrok banan-banan jasotzen ditu haien etxean, eta, aldi berean, eskola huts egin ez dezaten arduratzen da. Eskolan, hainbat jarduera eta ariketa egin ostean, bazkaldu eta berriro ere etxera eramaten ditu haurrak.

Hezkuntza, gizarteratzeaa eta autonomia. Castrok behin eta berriz gogoan dituen hitzak. Behin eta berriz esaten dituenak. Hiru hitz besterik ez. Lan eta esfortzu handia eskatzen duten hiru hitz horiek dira Saharako haur ezinduei zoriontasuna ematen dieten hauts miragarriak.

Castrok eskerrak eman nahi dizkie, lehenik eta behin begiraleei, egunero egiten duten lanarengatik; gero, Donostiako laguntza elkarteari, urte osoan ematen dien laguntza material eta ekonomikoagatik, eta, azkenik, Donostiako eta Aurizko udalek erakutsitako borondate eta esker onagatik.

0 Respuestas a “Saharako heziketa bereziko eskola bateko sei haur Auritzen daude udan”


  1. Ningún Comentario

Añade un Comentario