Ikurrinaren ordez, egun batez, SEADen bandera ezarri zuen atzo Bilboko udalak Arriaga antzoki aurrean daukan mastan. Ekitaldi txiki baten bidez honako adierazpena irakurri zuen Nekane Alonso udaletxeko zinegotziak:
ERAKUNDE-ADIERAZPENA, SAHARAR ERREPUBLIKA ARABIAR DEMOKRATIKOAREN ALDARRIKAPENAREN 32. URTEURRENA DELA ETA
Bilboko Udalak, Otsailaren 27an Saharar Errepublika Arabiar Demokratikoaren (SEAD) aldarrikapenaren 32. urteurren ospakizuna dela eta; Saharar gatazkaren inguruan gertatutakoak aztertuta; dagoeneko hiru hamarkada baino gehiagoz luzatu den gatazkak, saharar herriak berezkoa duen erabaki askatasunaren eskubideaz baliatuz, irtenbide baketsu eta behin betikoa behar duela aintzat hartuta, honako ADIERAZPEN hau aurkezten du:
Bilboko Udalak BERRETSI egin nahi du saharar herriak askatasunaren eta autodeterminazioaren alde duen borrokaren aldeko konpromisoa. Saharar herriak, Nazioarteko Zuzenbidean eta Nazio Batuen eta nazioarteko hainbat erakunderen ebazpenetan ageri denez, bere etorkizuna erabakitzeko berezko eskubidea du; izan ere, lurralde hori oraindik ere konpondu gabe dagoen kolonizazio prozesu baten menpe egon da.
Bilboko Udalak ZORIONDU egin nahi du Fronte Polisarioa —saharar herriaren legezko ordezkari bakarra—Nazio Batuen Segurtasun Kontseiluak onartutako 1754 eta 1783 ebazpenetan ezarritako negoziazio prozesuen bidez irtenbide zuzen, baketsu, demokratiko eta egonkor baterantz aurrera jotzeko duen konpromisoagatik. Negoziazio prozesu horri esker, Magrebeko eskualdean bakea eta egonkortasun politikoa lortzeko itxaropena mantendu da, baita herritarrentzat ongizate maila handiagoa lortzeko aukera ere, herritarrak baitira, azken finean, gatazkaren ondorioak jasaten ari direnak.
Bilboko Udalak ESKATU nahi die Nazio Batuen Erakundearen Segurtasun Kontseiluari, eta bereziki erakunde horren idazkari nagusi den Ban Ki-mooni, bai eta Mendebaldeko Sahararako Ordezkari Pertsonala den Peter van Walsuni, Europako Batasunari eta bertako gobernuei ere: eskura dituzten baliabide demokratiko guztiak baliatuz, Marokoko Gobernuari behar adina presio egin diezaiotela POLISARIO Frontearen antzera aktiboki, uste onez eta aurre-baldintzarik gabe 1754 eta 1783 ebazpenek ezarritako negoziazio prozesuetan parte har dezan, saharar herriaren autodeterminazio eskubidea bermatuko duen eta bi aldeentzat onargarria izango den irtenbide politiko batetara heldu ahal izateko.
Bilboko Udalak ESKATZEN dio Espainiako Gobernuari—Mendebaldeko Sahararen deskolonizazio prozesuan erantzukizun historikoak eta juridikoak dituenez gero, bai eta nazioarteko harremanetan indar handia ere— lan eraginkorragoa egin dezala, NBEren eta EBren baitan, saharar gatazkari irtenbide azkarra, bidezkoa eta iraunkorra lortzeko.
Bilboko Udalak SALATU nahi du Marokok hartutako lurraldeetan saharar biztanleen giza eskubideak eta oinarrizko askatasunak behin eta berriz urratzen direla. Saharar preso politiko eta gerra preso guztiak berehala askatzeko eskatzen du, baita gaur egun desagertuta dauden pertsonak non dauden argitzea ere.
Bilboko Udalak ZORIONDU egin nahi ditu Saharar preso politikoak, eta Mendebaldeko Saharako herritarren giza eskubideen eta oinarrizko askatasunen alde egindako borrokaren balioa aintzakotzat.
Bilboko Udalak ESKAERA hau egiten die errefuxiatuen bizi baldintzak babesten diharduten nazioarteko erakundeei (ACNUR, PAM): beharrezko ahalegin guztiak berehala egin ditzatela, aitzakiarik gabe, Tindufeko saharar kanpamenduan bizi diren errefuxiatu guztien bizi baldintza duinak bermatzeko. Horren haritik, ECHO giza laguntzarako europar bulegoari berariazko deia egin nahi dio, saharar herriaren aldeko lankidetza programak etengabe areagotu ditzan.
Era berean, eta berriz ere, Europako gobernuei, eta bereziki Espainiako Gobernuari eta autonomia-erkidegoetakoei, funts bereziak bideratzeko eskatzen die, errefuxiatu sahararrak jasaten ari diren elikagai krisi izugarriari aurre egin ahal izateko. Erakunde batzuek ohiko laguntzak ematen dituzte lankidetza proiektuetara, baina eskatzen ari garen ekarpen hauek ez lirateke dagoeneko bidetatzen diren laguntzetatik kendu behar.
Bilboko Udalak ESKAERA egiten die nazioarteko erakunde eskudunei, NBEko Segurtasun Kontseiluari eta Europako estatuetako gobernuei ezen eska diezaietela Marokoko Gobernuari eta tartean egon daitezkeen enpresei Saharako Mendebaldeko baliabide naturalak bidegabeki miatzeari eta ustiatzeari uzteko. Izan ere, saharar herria da baliabide horien jabe bakarra, eta hari dagokio baliabide horien kontrola.
Adierazpen hau bidaliko zaie NBEko Idazkari Orokorra den Ban Ki-moon-i; Nazio Batuetako Presidenteari; Europar Parlamentuko Presidenteari; Espainiako Gobernuko Presidenteari; SEAD-aren Gobernuko Presidenteari; EAEn SEADk duen ordezkariari eta, era berean, Estatu Espainolean duenari.

Copia permitida segun
0 Respuestas a “Bilboko udalak SEADen bandera ezarri du Arriaga aurreko mastan”