Independentista sahararrek beren aberriarekin duten konpromisoa berretsiko dute gaurko ekitaldietan
Juanma Sarasola. BERRIA. Marokok okupatu gabeko lurraldean dagoen Tifariti hirian 35. urteurreneko jaia ospatuko du gaur Fronte Polisarioak, Mendebaldeko Sahara askatzeko erakundeak. Nazioarteko ordezkaritza zabala espero da ekitaldietan, hala nola Afrika, Europa, Asia eta Hego Amerikako eta gobernuz kanpoko erakundeetako 300 bat gonbidatu. Erakusketa eta musika ekitaldiez gain, desfile militarra egingo du Polisarioak, eta SEAD Saharako Errepublika Arabiar Demokratikoaren presidente Mohamed Abdelazizek hitzaldia emango du.
SEADek Aljerian duen enbaxadore Brahim Galiren esanetan, munduari sahararrek beren aberria eta duintasunarekiko konpromisoa dutela erakusteko balioko du ospakizunak. «Sahararrek gogorarazi nahi dute Fronte Polisarioa dela beren ordezkari zilegia, eta borrokaz, sufrimenduz eta gabeziaz betetako 35 urte igaro diren arren, ez dela libreak izateko eta beren oinarrizko eskubideez gozatzeko duten borondatea ahuldu; aitzitik, sendotu egin da». Hari jarraiki, NBEri gogorarazi nahi diote autodeterminazio eskubidearen alorrean nazioartearen «jarrera koherentea» espero dutela.
Aljeriako presidente Abdelaziz Buteflikak bere herrialdearen sostengua berretsi dio sahararren autodeterminazioaren aldeko borrokari. Aljer da SEADen eta Polisarioaren aliatu nagusia, eta bere herrialdearen hego-mendebaldeko eremu batean aterpetuta bizi dira Marokoren kontrako gerratik 1975ean ihesi joandako errefuxiatuak, Tinduf inguruan. Han hainbat iheslari gune eraiki zituzten sahararrek, Aljeriaren eta beste hainbat eragileren laguntzarekin.
Joan den astean Bandungen (Indonesia) deskolonizaziorako NBEren batzorde bereziak eginiko konferentziak onartutako ebazpenak berretsi egin zuen sahararren autodeterminaziorako eskubidea.
Sagia el Hamra eta Rio de Oro Askatzeko Frontea (Fronte Polisarioa) 1973ko maiatzaren 10ean sortu zuen ikasle nazionalista talde batek, baina bere lehen ekintza armatuaren eguna, urte hartako maiatzaren 20koa, finkatu zuen urtemuga ospakizunetarako.
1976an SEADen sorrera aldarrikatu zuen Polisarioak, eta 16 urtez Marokoren okupazioaren kontra gerran aritu ondotik, 1991n bi aldeek su-etena sinatu zuten. Autodeterminazio erreferenduma egitea aurreikusi arren, galdeketan parte hartzeko erroldaren osaketan ez dira ados jarri bi aldeak, Marokok bere kolonoak ere sartu nahi izan dituelako. NBEren bitartekaritzaren ezinak eta Marokoren oztopoek zintzilik utzi dute oraingoz erreferendumaren auzia. Gainera, urteotako negoziazioek ez dute inora eraman.
AEBetako Estatu idazkari eta Mendebaldeko Sahararako ordezkari ohi James Bakerrek 2000n eta 2003an atondutako planak onartu arren, Marokok gero ez duela hura bete salatzen du Polisarioak. Plan horien arabera, bost urtez autonomia eduki ondotik autodeterminazio erreferenduma egin ahal izango zuen herri sahararrak.
Azkenaldian Marokok proposatutako autonomia errefusatu du Polisarioak, «alde bateko proposamen horrek autodeterminazio prozesua hondatu, statu quo-a mantendu eta okupazioa legezkotzat jo nahi» dituela argudiatuta.

Copia permitida segun
0 Respuestas a “Polisarioaren borrokak 35 urte”