Mohamed Ray Fronte Polisarioak Europarako duen ordezkaria: «Herri sahararrak gauza handiak lortu ditu borroka subiranistan»

Bruselan du egoitza Fronte Polisarioak Europarako duen ordezkaritzak, Mohamed Ray buru duela. Berria.

BanderaZer-nolako balantzea egiten duzue zuen 35 urteko borroka armatu eta politikoaz?

Herri sahararrak gauza handiak lortu ditu bere borroka subiranistan: gai izan zen bere herrialdearen zati bat auzoko bi estaturen, Marokoren eta Mauritaniaren, eskuetatik askatzeko. Halaber, Maroko behartu zuen autodeterminazio erreferenduma egitea onartzera, nahiz eta oraindik galdeketak egin gabe segitu. Urteotako historiaren errepasoa eginez, Fronte Polisarioa 1973an sortu zen, Espainiaren kolonialismoaren kontra borrokatzeko. 1975ean. Espainiako tropek alde egin zuten, eta Marokok eta Mauritaniak legez kanpo okupatu zuten Mendebaldeko Sahara. Ia armadarik gabe, bi estatu horien aurka borrokatu zen Polisarioa, eta 1979an Mauritaniak tropak erretiratzea lortu zuen. 1991n Marokorekiko su-etena sinatu zuen, NBEren bitartekaritzaz; xedea autodeterminazio erreferenduma egin ahal izateko borrokak etetea zen, baina Marokoren intrantsigentzia eta hark estatu batzuen konplizitatea izatearen ondorioz galdeketa airean da.

Bide baketsuak emaitzarik lortu ez duela-eta borroka armatura itzultzeko gero eta ahots gehiago entzuten dira sahararren artean. Berriz gerra piztuko da?

Su-etena NBEn 1989ko negoziazio luzeen ondorioa izan zen. Asmoa 1992ko urtarrilean erreferenduma egitea zen. Marokok du galdeketa egin ez izanaren errua, eta herri sahararrak eskubidea du, nazioarteko legeriaren arabera, okupazioaren aurka bere burua defendatzeko, armen bidez. Herria nekatua dago nazioartearekin, eta batzuek 1976ko egoerara, gerrara, itzultzea beste aukerarik ez dute ikusten.

Baina Marokok hainbat aliaturen laguntza jaso izanak ez al luke borroka oso desorekatu bihurtuko zuen kaltetan?

Maroko ez bazen gai izan gerrak iraun zuen urteetan gu suntsitzeko, batez ere lehenbiziko urteetan -oraindik nahiko ahul ginelarik-, nahiz eta napalm eta fosforo zuria erabili, orain zailagoa izango luke, guk ere esperientzia eta prestakuntza metatu baititugu urte hauetan guztietan. Herri sahararra beti dago okerrenerako prestatua, baina aterabide baketsua lehenesten du. Baita nazioarteko komunitateak dagokion ardura betetzea eta erreferenduma egitea bermatzea ere. Dena den, herritarrek itxaropena atxikitzen dute.

Dena den, ez dago arriskurik Polisarioan zatiketaren bat egoteko, edota muturreko talderen bat sortzeko, baita talde islamistaren bat ere?

Ez. Herri sahararra ondo ezagutzen duenak badaki ez dela halakorik gertatuko. Sahararren ezaugarri sozial eta historikoan beti egon da Islamaren irakurketa moderatua. Gerta daitekeena da, agian, belaunaldi berriek -Polisarioari presio handia egiten diote- lortzea NBErekin haustea eta herriaren eskubideen alde armetarako itzulera bultzatzea. Baina Polisarioak eztabaida sakonak izaten ditu zeinahi erabaki hartu aurretik, kontsentsua lortu nahirik.

Zer iritzi duzu Marokoren jokabideaz?

Marokori komeni zaio Mendebaldeko Sahararen ezegonkortasuna, baina aldi berean statu quo-a mantentzea, batez ere gure herrialdeak dituen baliabideen -fosfatoak, gasa, petrolioa…- kontrolagatik. Mendebaldeko Saharan armada mantendu nahi du, eta tentsioa ere, bere barne arazo sozial eta politikoetatik arreta desbideratzeko.

NBEk Mendebaldeko Sahararako duen ordezkari Peter van Walsum Marokorekin lerratu izana salatu du Polisarioaren Idazkaritza Nagusiak, eta hark sahararren konfiantza galdu duela esan du. Zer ondorio izango ditu horrek?

Baliteke Ban Ki-moon NBEko idazkari nagusiak Van Walsumi dimisioa emateko eskatzea. Izan ere, ordezkari hori aldeek onartu eta gero izendatzen dute, eta orain alde batek onartzen ez badu… Dena den, Maroko beti saiatu da NBEko ordezkariei xantaia egiten. Ikusi besterik ez dago zer jarrera aldaketa izan zuen Javier Perez de Cuellarrek 1991tik. Marokoren alde lerratuta, bere burua bitartekaritzatik baztertu egin du Van Walsumek, bitartekari baten lehen betebeharra inpartzial izatea baita.

Zer esanahi dauka Polisarioak bere egoitza nagusia Tindufetik Tifaritira, askatutako lurraldera, eramateko erabakiak? Marokori eta NBEri presio egiteko modu bat da?

Maroko sutu duen arren, ez du esanahi berezirik. Polisarioak beti sinatu ditu bere agiriak Tifaritin edota Bir Lehlun, ez Tindufen, azken hau Aljerian baitago. 1991tik eskolak eta erietxeak eraiki ditu askatutako lurraldean, eta orain egoitza nagusia ere hara eramango du. Baina behin-behinean, benetako hiriburua Aaiun delako.

1 Respuesta a “Mohamed Ray Fronte Polisarioak Europarako duen ordezkaria: «Herri sahararrak gauza handiak lortu ditu borroka subiranistan»”


  1. 1 Unai

    Ba nik uste dut saharauiek nahiko pazientzia eduki dutela jada eta armetara bueltatuko balira… Ez dakit.

Añade un Comentario