Hitzaldi-mahaingurua: Shahid Luali

Hurrengo asteburuan, Martirien Egunaren bezperan, Herri Sahararraren liderrik nagusi eta karismatikoenaren inguruko hitzaldiak izango dira Gasteiz eta Bergaran. Izan ere, ekainaren 9an El Wali Mustapha Sayed, Fronte POLISARIOaren fundatzaileetako bat eta Saharar Errepublika Arabiar Demokratikoaren lehen presidente eta eratzailea, borrokan hil zutenetik 32 urte beteko dira. Urteurren hau dela eta, “Otsailak 27” Euskal Elkarte Koordinakundeak jardunaldi hauek antolatuko ditu.

Bi mahainguru hauek ekainaren 7 eta 8an goizeko 12etan burutuko dira, Gasteizeko Simone de Beauvoir Eraikinean (K/ Loiolako Ignazio, 8 ) eta Bergarako Mundumira festan, hurrenez hurren. Saguia El Hamra eta Rio del Oro-ren Askapenerako Frontearen laguntzaz, Salek Baba Hassana, SEADen Kooperazio Ministroa, eta Fatma Mohamed Salem, Frontearen ordezkaria EAEn, hizlari bezala izango ditugu. Iraultza Sahararrean aditu bezala ere, Xera gure artean arituko da, Saharan soldadutza egin zuenetik herri honen borrokarekin bat egin duen Bizkaiko SEADen Lagunen Elkarteko kidea.

Jardunaldi hauetan El Waliren bizitza abiapuntutzat hartuz, Iraultza Sahararraren hastapenetan murgilduko gara eta hizlariek garai hartako bizipenak kontatuko dizkigute. Izan ere, bere bizitza apal eta miresgarria zutik dabil oraindik kolonialismoaren aurkako eta askatasunerako borroken Historia Unibertsalean. Modu honetan, “Fusilaz askatasuna eskuratuko dugu” zioten garaiak birgogoratuko ditugu; herri baten nortasuna osatu zuten garaiak, zeinak heriotza nahiago duen edozein usurpatzaileren pean bizitzea baino. Azkenik, beste biderik ezean, askapenerako borrokak etorkizunean izango duen bilakaeraren inguruan eztabaida sortuko da.

0 Respuestas a “Hitzaldi-mahaingurua: Shahid Luali”


  1. Ningún Comentario