Nazioarteko lekukoen esperoan

Kristina Berasain - BERRIA. Marokok giza eskubideen aldarrian lan egiten duten pertsonak atxilotu eta torturatu ditu azken egunotan; tortura salaketak ikertzeko bermea eskatu du Amnesty Internationalek.

«Nire esperientzia ez da dozenaka sahararrek bizi izan dutenaren oso bestelakoa. Edadetuak, umeak eta emakumeak, haurdun edo edoskitze aroan daudenak tartean, gazteak… Inor ez da libratu. Denok ari gara torturak, desagerpenak, bortxaketak eta bahiketak sufritzen». Aminatou Haiderren hitzak dira. berriari esan zizkion hilaren 7an. Giza eskubideen defentsaren ikur bilakatu da Mendebaldeko Saharan. Marokok okupatutako lurraldean. Giza Eskubideen Ekintzaile Sahararren Erakundeko presidentea da eta horrek babesa ematen dio nazioarteko behatzaile eta kazetarien aurrean hitz egiteko. Aaiunen gertatzen ari dena nazioartean salatzea ez zela, bere kasuan, arriskutsua izango uste zuen.

Iragan ostiralean, baina, kolpatu eta atxilotu egin zuten. Hamalau puntu eman zizkioten buruan eta gorputzean hainbat zauri zituen. Ospitalean atxilotu zuten igandean haren seme eta gurasoak euren etxetik bota zituen Poliziak. Aaiungo kartzela beltzera eraman zuten ondoren. Ez da bertan egoten den aurreneko aldia. Hiru urte eta zazpi hilabetez eduki zuten han. «Egoera umiliagarrian eduki gintuzten: eskuak eta hankak lotuta, begiak tapatuta, kukubilko…». Haider askatzeko kanpaina abiatu zuten atzo giza eskubideen erakundeek.Okupazioaren kontrako manifestazio batean zegoela kolpatu zuten Haider. Aaiungo Smara etorbidean. Lidri Elhussin, Fatma Aiach, Hmad Hammad, Hussein Muthik, Ghalia Sbbai eta Nah Tarek giza ekintzaileak ere torturatu zituzten. Marokoko segurtasun indarrek indarrez sakabanatu zituzten sahararrak. Zaurituta zeudenei ospitaleraino jarraitu zieten bertan atxilotzeko.Larunbatean jazarpen gehiago egin zituzten. Mussami Baba, Abderrahman Bugarfa eta Karrum Hamdi atxilotu zituzten. Ekintzaile eta protestetan parte hartu duten saharar guztien etxeak gau eta egunez miatzen dituzte. Aaiun hiriburuak alerta egoeran segitzen du.

NBEri eskaera

SEAD Saharako Errepublika Arabiar Demokratikoak eta Fronte Polisarioak gogor salatu dute azken egunotako jazarpena: «Dozenaka pertsona zauritu dituzte eta beste hainbat desagerrarazi». NBE Nazio Batuen Erakundeari «jazarpen bortitzaren biktima» diren zibilak babesteko eta nazioarteko kazetariak eta begiraleak sartzeko neurriak hartzeko eskatu zioten. Mugarik Gabeko Medikuei hara joateko eskatu diete giza eskubideen taldeek ospitaleetan sahararrak artatzen ez dituztelako.

Maiatzaren amaieran Intifada abiatu zutenetik ehun pertsona baino gehiago desagerrarazi dituzte. Aaiunen hasi ziren protestak baina berehala beste hiri batzuetara zabaldu ziren: Smara, Bojador, Dajla. Marokon dauden hainbat hiritan ere protestak abiatu zituzten ikasleek. Rabaten, Marrakexen, Agadirren, Assan, Casablancan… Maiatzaren amaieran atxilotutako hainbat gazte epaitzen hasi dira aste honetan. El Hairach Hassanna hemezortzi urteko gaztea atzo zen epailearen aurrean pasatzekoa. Gaueko ordu txikietan atxilotu zuten etxean eta tortura fisiko eta psikologikoak jaso zituen. Sudurra eta ezkerreko sorbalda hautsi zizkioten. Gazteei protestak egitearen truke giza eskubideen ekintzaileen dirua jasotzen dutela deklaratzera behartzen dituzte poliziek. Amnesty International erakundeak tortura salaketak ikertzeko bermea eskatu zion atzo Rabati: «Sahararren kontra egiteko neurriz kanpoko indarra baliatzen ari dira».Bandera marokoarrak erre zituzten protestetan sahararrek. Marokok, ildo horretan, lege proposamen bat onartu zuen atzo ekintza hori zigortzeko. Sei hilabete eta bost urte arteko kartzela zigorra ezarri ahal izango dute orain.Marokoko agintariak, bestetik, jantzi saharar tradizionalak banatzen ari dira kolonoen artean manifestazioak egin ditzaten. Rabaten alde dauden sahararrak direla oihukatzen dute manifestazioetan. SEADeko presidente Mohamed Abdelazizek agintari marokoarrek azken egunotan «milaka jantzi tradizional» erosi dituztela jakinarazi zuen. Marokoren aldeko sahararrak direla erakutsi nahi dute nazioartean. Aireportuan bertan egin zuten azken elkarretaratzea kolonoek nazioarteko ordezkaritza bat iristear zegoela.

Hiru ordezkaritza eta hamar kazetari kanporatuak

Marokok politikariz osatuta zegoen ordezkaritza bati lurralde okupatuetan sartzea debekatu zion igandean hirugarrena jada. Mugarik Gabeko Kazetariak salatu zuen apirilaz geroztik hamar kazetarik ezin izan dutela euren lana egin edo lurralde okupatuetan sartu: «Kazetariak kolpatuak, galdekatuak eta kanporatuak izan dira».

Marokok ezarritako isilunea hausteko nazioarteko lekukoen esperoan daude sahararrak.

0 Respuestas a “Nazioarteko lekukoen esperoan”


  1. Ningún Comentario

Añade un Comentario