Aminetu Haidarren hamaseigarren eguna gose greban. Albisteak leku guztietatik heltzen zaizkigu eta nola ez, Kanpo Harremanetarako Espainiako Gobernuko Ministroak esandakoak ere. “Gandhi sahararra” ausart jarraitzen du bere aldarrikapenean: El Aaiunera bueltatzea eta Espainiako Gobernuak El Aaiunen sarrera ziurtatzea. Hemen gauden guztiok, Sahararen aldeko lagunek, kazetariek, abokatuek, Frente POLISARIOko ordezkariek, etab. minuturo jarraitzen ditugu albiste guztiak; egia esateko, atzo Robert Kenedy Zentroko ordezkariak esan zigun moduan, kezkaturik gaude Amineturen egoerarekin.
Atzo arratsaldean Agustin Santos, Moratinosek bidalitako ordezkaria, berriz ere hurbildu zen aireportura Haidarren abokatuekin hitz egiteko; batzarraren lekua, fakturazioak egiten diren mostradorea, ez zen gela bat izan, terminalean bertan, lotsagarria. Kazetari guztiak joan ziren haiengana, azken berriak jasotzeko asmoz. Espainiako Gobernuak Aminetu Haidarri lo egiteko beste gela bat eskaintzen zion, aireportutik kilometro batetara zegoena. Benetan sinesgaitza. Emakumeak ez zuen eskaintza hori onartu. Gaur goizean ere, hemen agertu da Gobernuko ordezkaria Haidarri eta abokatuei Lanzarotetik joan behar zuela eta ostegunean bueltatuko zela komunikatzeko. Zurrumurruak daude ostegunean Miguel Angel Moratinosek Lanzaroteko aireportura egingo duen ustezko bisita baten inguruan.
Goizaldean, Aminetuk egunero egiten duen moduan, bi emakumeek lagunduz, aireportuko erizaintzara abiatu da dutxa bat hartzeko; aurrekoetan ez bezala, Guardia Zibilek erizaintzan sartu aurretik arakatu egin nahi izan dute, ustezko agindu baten pean. Hemen gertatzen dena harrigarria da.
Bestetik, gaurkoan ere, gure Gandhiak elkartasun gehiago jaso ditu. 11:00ak aldera BNGko ordezkari bat heldu da eta baita Balear Irletako Madrileko senatari bat ere. Beranduago, PSOEko diputatua den Zerolo etorri da eta azkenik, Literatura Nobel Saria jaso zuen José Saramago idazlea, txalo artean harrera egin diotelarik.
Pedro Zerolok zera adierazi die komunikabideei: “Alderdi Sozialista beti egongo da Herri Sahararraren alde; benetan, sahararren autodeterminazio eskubidearen alde gaudela, bai Gobernua eta baita PSOE ere; eta hogeita hamabost urte nahikoak direla gatazka hau konpontzeko. Eskatu diot Aminetu Haidarri, Herri Sahararrak bizirik behar duela, beraiekin borrokan jarraitu behar duela eta egoera honi amaiera jartzeko. Aminetu Haidar oso emakume gogorra da, eredu bilakatu da eta arrazonamenduz betetako emakumea da. Marokoko Gobernua da oztopoak jartzen ari dena eta Giza Eskubideen Nazioarteko Hitzarmen guztiak betetzen ez dituena”. Espainiako Gobernuko eta PSOEren hipokresiaren adibide garbia.
Ez dakigu noiz arte iraungo duen egoera honek eta noiz arte iraungo duen Amineturen indarrak ere. Benetan diotsuet, nahiz eta bizitzen gabiltzan minutu eta orduak idazki baten bidez transmititzea oso zaila izan, gure helburua argia da: Aminetu Haidarrekin hemen egotea, guztion elkartasuna adieraztea eta Espainiako Gobernuari presioa egitea; egoera hau eta Herri Sahararrarena behingoz konpontzeko. Hori da gure egitea eta hemen egongo gara GARAIPENERARTE.
Arrezifen, 2009ko abenduaren 1ean
Copia permitida segun
0 Respuestas a ““Gandhi sahararra” ausart jarraitzen du bere aldarrikapenean”