NBEk Marokori zapalkuntza gelditzeko presio egin diezaiola eskatu dute 104 eurodiputatuk
Erredakzioa. BERRIA. Joan den maiatzaren 22an Aaiun hiriburuan (Marokok okupatua) izandako manifestazioetan parte hartzeaz akusatutako sei gazte sahararri bat eta bost urte arteko kartzela zigorra ezarri zien herenegun auzitegi batek. «Bortizkeriazko ekintzetan talde armatu batean ordenaren indarren kontra parte hartzeagatik» zigortu zituen epaitegiak gazteak.
Protesten ondorioz Aaiungo kartzelan preso dauden beste 16 sahararren kontrako epaiketa heldu den ekainaren 28an, eta beste hiruren aurkakoa uztailaren 5ean hasiko direla jakinarazi zuen epaitegiak. Horiei «ekintza kriminalak, ondasun publikoen sabotajea eta funtzionarioen aurkako indarkeria, talde armatuan biltzea eta armak erabiltzea» leporatu die Marokok.Maiatzaren 22tik hainbat protesta eta manifestazio izan dira hala Marokok okupatzen duen Mendebaldeko Saharako zatian Aaiun, Smara eta beste hiri batzuetan nola Marokoko hiriburuan eta beste hainbat hiritan. Protestetan okupazioaren kontrako eta autodeterminazio eskubidea gauzatzearen zein independentziaren aldeko leloak oihukatu dituzte manifestariek, eta Poliziak bortizki egin die aurre. 300 zauritu baino gehiago eta hainbat atxilotu izan dira.Mendebaldeko Sahararen independentziaren alde borrokatzen duen Fronte Polisarioak Intifada (matxinada) iritzi dio protesta oldeari.Marokoko Gobernuak protestek nazioartean oihartzuna eta isla izan dezaten eragozten saiatu da eta hainbat kazetariri tartean Berriakoa ez ezik, zenbait ordezkari politikok osatutako hiru ordezkaritzari sarrera galarazi die.
Marokon protesta gehiago
Herenegun 104 eurodiputatuk Nazio Batuen Erakundeko idazkari nagusi Kofi Annani gutun bat helarazi zioten, Marokori sahararren kontrako zapalkuntza «berehala» geldi dezala presio egiteko eskatzeko. «Gatazkaren aterabide bakarra diren NBEren ebazpenak betetzeko manifestazio baketsuak egin dituzte maiatzetik Mendebaldeko Saharan. Baina, zoritxarrez, Marokoko agintariek zapalkuntza bortitzarekin erantzun diote manifestazio horiei, manifestazioak egiteko zein adierazpen askatasuna bezalako oinarrizko eskubideak urratuta», dio gutunak. Marokok komunikabideei sartzen uztea eta Annanek nazioarteko ikerketa batzorde bat eratzea nahi dute gutunaren sinatzaileek.
Bestalde, iragan ostegunean, Assa hirian (Marokoko hegoaldean) bizi diren 3.000 saharar inguruk manifestazioa egin zuten zapalkuntzagatik protesta egiteko eta bermerik gabeko epaiketak bukatzeko, preso politikoak askatzeko eta desagertuen auzia argitzeko eskatzeko. Dar al Beidako (Casablanca) Unibertsitatean, aldiz, polizia, ikasle eta langile marokoar batzuek 45 ikasle saharar jipoitu eta horien gelak arpilatu zituzten.

Copia permitida segun
0 Respuestas a “Bost urte arteko espetxe zigorra sei gazteri, protestengatik”