Errefuxiatuen eremuetatik 552 neska-mutiko etorri dira,eta beren herriaren enbaxadore izango dira datozen bi hilabeteetan Euskal Herrian.
BERRIA. - Saharako umeak Euskal Herrian dira. Lehengo txanda ekainaren 29an ailegatu zen, Nafarroara. Bigarrena atzo, Loiuko aireportura (Bizkaia). Azkenak bihar helduko dira. Guztira, 7 eta 12 urte arteko 552 neska-mutiko dira, eta Oporrak bakean 05 ekimenaren barruan etorriko dira.
Loiura 08:00etan heldu zirenek 17 orduko bidaia egin zuten Tindouf aldeko (Aljeria) iheslarien eremuetatik. Aireportuan zain zeuzkaten datozen bi hilabeteotan etxea eta babesa emango dieten familietako kideak. Umeak pozik triste ere bai lehenengoz etorritakoak eta urduri zeuden.Urduri zeuden bila joandako asko ere, baina gustura: «Oso esperientzia polita da». Antzina Urteaga Zumarragatik (Gipuzkoa) hurbildu zen. «Kanpalekuetan bizimodua oso gogorra da, eta, gutxienez, bi hilabetez gurekin dauzkagu ondo pasa dezaten». Iaz etxean izan zirenen bila joana zen. «Joan zirenetik telefonoz eutsi diogu harremanari, eta azken boladan, Saharan duten egoera latzak eraginik, lasaitasunez hitz egiteko beldurrez sumatzen zaie».
Esperientzia aberasgarria den arren, gogorra ere bada. Oporretan ardura handia hartzen dute etxean beste ume bat hartuz. Antolatzaileek ondo dakite hori. Angel Longarte durangarrak hiru daramatza oporraldiok antolatzen. «Etortzeko lehentasuna izan dute eskolan ongi ibili direnek eta gerraren ondorioz umezurtz geratu direnek».Oporraldi alaiak eskaini nahi dizkiete haurrei: «Apur bat indarge heltzen zaizkigu, eta berton ganoraz jan eta osasuna zaintzeko aukera izaten dute». Bide batez, gainera, enbaxadore lana ere egiten dute. Jatorrian duten gerraren berri ematen dute, eta, bide batez, Euskal Herria ezagutzen dute. Olgetarako badute, gainera, Salamalekum Euskal Herria izeneko jolasa.

Copia permitida segun
0 Respuestas a “Heldu dira ume saharauiak gurera”