Kirmen Uribe. BERRIA. Ohea omen da zibilizazioaren ezaugarrietako bat. Ohean egiten omen ditugu bizitzako gauzarik inportanteenak. Ohean jaio gara eta ohean hil, ohean aurkituko dugu maitasuna eta ohean atsedena. Gaixotasunak ere ohean izaten du sendabidea. Baina gizakiaren historia luzea kontuan hartzen badugu ohea asmakizun berria da zinez. Nonbait nekazaritzarekin du zerikusia oheak, gizakia lurra lantzen hasi zenean hasi baitzen toki jakin batean bizitzen. Orduantxe hasi ginen gaua eta eguna argi eta garbi bereizten, eta baita urtaroak ere. Aitzitik, nomadek eta abeltzainek ez dute sekula oherik izan. Lurrean egin izan dute lo, beti prest kanpamendua altxatu eta bizilekuz aldatzeko.
Saharako kanpamenduetan ere lurrean egiten dute lo, jaimetan. Bero bada, kalean, izarren azpian. Horregatik ez dute jabetzaren zentzurik ia, eta arrotzen bat ordu txikietan agertuz gero ondo hartuko dute. Halaxe hartu gintuzten gu ere eta afaltzen ere eman ziguten goizeko ordu bietan: Italiatik bidalitako pasta Euskal Herritik igorritako hegamotzarekin nahasian.Telebistan ikusi ditut Saharako berriak Omar lagun marokiarra ondoan nuela. Erregeari buruzko txiste bat kontatu dit Omarrek, hauxe bera: «Mohamed Vak esan zuen: inoiz ez dena aberastu aberastu dadila orain. Hassan II.ak esan zuen: inoiz etxerik izan ez duenak egin dezala orain etxea. Mohamed VI.ak esaten du: inoiz kartzelan egon ez dena sar dadila orain kartzelara». Eta tirano gehienen moduan hirugarren errege hauxe ere ohean hilgo da lasai, aitona eta aitaren moduan, errudun sentimenik gabe.

Copia permitida segun
0 Respuestas a “Ohea”