Fronte Polisarioak gerrako azken preso marokoarrak askatu ditu

Keinu horrekin gatazkaren aterabide politikoa «erraztea» espero duela dio erakunde independentistak

Marokoar presoakJuanma Sarasola -BERRIA-. Mendebaldeko Sahararen independentziaren alde borrokatzen duen Fronte Polisarioak alde bateko keinua egin eta bere esku zituen 404 gerra preso marokoar askatu zituen atzo, Gurutze Gorriaren bitartez. «Presoak askatzeko eginiko hainbat eskaerari erantzuteko hartu dugu erabaki hau. Berriz ere Fronte Polisarioak aintzat hartu ditu herri sahararraren eskubide nazionalaren garaipenaren alde lan egiten duten guztien deiak», zioen erakunde independentistak kaleratutako komunikatutan. Gainera, Marokori honek dituen gerra preso sahararrak askatzeko eta gerra hasi zenetik desagertuta dauden 500 sahararren nondik-norakoak emateko eskatu zion.

Gurutze Gorriaren Nazioarteko Batzordeak preso marokoarren askapena txalotu zuen, eta Ameriketako Estatu Batuek, beren aldetik, esan zuten beren bitartekaritza «erabakigarria» izan zela hura gauzatzeko. Presoen askapena Tindufen (Aljeriako hego-mendebaldea) egin zuten. AEBetako Senatuak bidalitako ordezkaritzak ekitaldia ikuskatu zuen eta haren buruak, Richard Lugarrek, Washingtonek «Mendebaldeko Saharako gatazkarako aterabide politikoa Nazio Batuen esparruan nahi eta sostengatzen» duela esan zuen. Baker Plana aterabide horren zati dela eman zuen aditzera.Presoak libre utzi ondoren Fronte Polisarioak nabarmendu zuen espero duela keinu horrek ondorioak izatea, hala nola «Marokok okupatzen dituen lurralde sahararretan bizi diren sahararren sufrimendua murrizteko baliagarria izatea». «Eta, halaber, espero dugu gatazka behin betiko eta justiziaz, gure herriaren autodeterminaziorako zilegizko eskubidearen bitartez, konpontzeko bidea erraztea». Hala Fronte Polisarioak nola Aljeriak NBEren ordezkari ohi James Bakerren (AEBetako Estatu idazkari izandakoa) plana sostengatzen dute, zeinaren arabera gatazka bi fasetan konponduko luketen. Lehen fasean, lauzpabost urteko epean Marokok lurraldearen administrazioarekin segituko luke. Bigarren fasean autodeterminazio erreferenduma egitea aurreikusten da, independentziaren edota Marokorekin bat egitearen artean hautatzeko. Marokok, ordea, ez ditu erreferendumerako zehaztutako baldintzak errolda da gako nagusia onartzen, eta independentziaren aukera errefusatzen du. Rabateko gobernuak presoak askatzea ahalbidetu duen «nazioarteko presioa» eskertu zuen atzo, Nabil Benabdala Komunikazio ministroaren ahotik. «Justizia egin da», nabarmendu, eta Marokok, «nazioartearen laguntzarekin» aspaldi preso marokoarren askapena eskatzen zuela gogoratu zuen. Gaur Marokoko errege Mohamed VI.a Richard Lugar hartzekoa da Tetuanen.

Erabaki «ausarta» Gurutze Gorria preso askatu berriekin izango da harik eta hauek Marokoko Gobernuaren esku Agadir hirian (Maroko) utzi arte. Gurutze Gorriko hiru ordezkari eta bi mediku atxiloketa gunean egon dira presoekin, askatuak izan aurreko egunetan, hauen osasun egoera aztertzeko. Erakundeko eledun Antonella Notarik azaldu zuenez, presoetako asko, batez ere zaharrenak, nekatuta ageri ziren, fisikoki zein psikologikoki, «itxialdi luzearen ondorioz». Haietako batzuk 20 urte egon dira preso.

Notarik adierazi zuen bai Marokok bai Fronte Polisarioak 2002an gatazkan desagertutako pertsonen (zibilak zein militarrak) zerrenda bana eman ziotela bere erakundeari. Fronte Polisarioak 2.100 preso marokoar baino gehiago askatu ditu 1989an gera bukatu zenetik. Alabaina, Marokok oraindik hainbat saharar ditu preso, gerra preso zein preso politikoak, baita desagertu ugari ere.NBEko idazkari nagusi Kofi Annanek Fronte Polisarioak bere esku zituen azken gerra presoak askatu izana txalotu zuen atzo New Yorketik. «Askapena urrats positiboa da eta bi aldeen arteko harremanak hobetzeko eta egungo blokeo politikoa gainditzeko balioko duela espero dut». Era berean, desagertuta dauden pertsonak bilatzeko eta Gurutze Gorriarekin elkarlanean aritzeko deia berretsi zien Rabati eta Fronte Polisarioari.Fronte Polisarioak atzoko agirian esan zuen hartutako erabakia NBEko idazkari nagusiak Mendebaldeko Sahararako ordezkari berezia izendatu eta gutxira datorrela eta bakerako dinamika sortzea espero duela. Gainera, «erabaki eskuzabalak herri sahararraren arimaren tamaina» adierazten duela eta delibero zaila baina «ausarta» izan dela nabarmendu zuen. «Maroko bere itsukeria politikoan herri oso baten eta honen eskubideen kontra jotzen ari denean hartu dugu erabaki gogor hau. Maroko lurralde okupatuetan sahararren kontra terrorea eta bidegabekeria ezartzen duelarik guk erabaki hori hartzea gogorra izan da».Bien bitartean, preso politiko sahararrek gose greban segitzen dute Marokoko kartzeletan, eta atzo 15. barau eguna zuten.

1975ean Espainiako Armadak Mendebaldeko Sahara utzi ondoren Marokoren eta Fronte Polisarioaren artean hasitako gerran (Mauritaniarekin ere borrokatu ziren sahararrak, baina hark 1979an bakea sinatu zuen), preso ugari hartu zituzten bi aldeek. Fronte Polisarioak urte hauetan gerrako 2.100 preso marokoar baino gehiago askatu ditu, atzoko 404ak zenbatuta. Marokok gerrako 150 preso saharar baino gehiago ditu, baina ez du haien existentzia onartzen. Hainbat preso politiko saharar ditu kartzelan, eta 500dik gora desagertuta daude.

0 Respuestas a “Fronte Polisarioak gerrako azken preso marokoarrak askatu ditu”


  1. Ningún Comentario

Añade un Comentario