Jose Mari Pastor BERRIAko kazetaria Mendebaldeko Saharan izan da, Marokok 1975etik okupatutako lurraldean. Bidaian herritar sahararren testigantzak bildu ditu eta erakunde sozial eta politikoetako ordezkariekin mintzatu da. Mendebaldeko Saharan jasotako informazioa argitaratuko du BERRIAk datozen bost egunetan.
Motxiladun bat basamortuan
Jose Mari Pastor. BERRIA
Gizona aurretik atzera joan da, autobusaren barrura begira. Zamarra beltza eta txandal prakak ditu jantziak. Ibilgailuaren erdialdera heldu denean, begira geratu da kristalaz beste aldetik, zigarroa ezpainetan. Burua ezkerrera jiratu du orduan, atzerantz, baina segundo batzuk besterik ez. Ondoren, begiak barrura zuzendu ditu berriro, lehenengo lekurantz. Nireganantz.
Agadir-Aaiun autobusak ezusteko asko eman ditzake: Mendebaldeko Saharako hiriburura doan autobusak geldialdi luzeak eta laburrak egiten ditu, bidaiariari aldez aurretik atsedena noiz artekoa izango den jakinarazi gabe; tarte horietan jendea eta ez derrigor soilik bidaiariak autobusean gora eta behera ibiltzen da; kanpoan bidaiariek maletak eta fardelak atera eta gordetzen dituzte, zurezko edo kartoizko kutxak, maleta zaharrak edo berriak, eta kale saltzaileek zer jan eta zer edan eskaintzen diete. Gainera, baliteke Supratours konpainiaren autobusak irteteko ordu ofiziala baino hamar minutu lehenago alde egitea; baliteke enpresa horrek Agadirren duen bulegoan polizia bat txartelak saldu eta maletak fakturatzeko agiriak banatzen dituen enplegatuarekin hizketan aritzea ere. Edo autobus horrek egiten duen lehen geldialdian norberak gizon bat kanpotik arreta handiz begira izatea. Zamarra beltza eta txandal prakak jantzita dituen gizonak ez nau izerdi sikuaren usainagatik molestatu, leku gehiago egon arren nire ondoan ezer esan gabe eseri, eta hankak zabalik jarri dituelako baizik: 45 gradu zabalik, beso biak luze zintzilik, eta eskuak elkarren ondoan bi zangoen artean, burua tente eta begiak itxita, gogoeta sakonetan egongo balitz bezala. Eta, kasualitatea!, lehenago kanpotik niri begira egon dena delako.Autobusak gaueko bederatziak laurden gutxiagotan ekin dio berriz bidaiari. Agadirren ez bezala, beteta doa: gizonak eta emakumeak, zaharrak eta gazteak, tartean umeak amaren magalean. Nire aurrean ama eta seme txikia daude eta haien ondoan, pasabidearen beste aldean, senar-aita kalpar dirdiratsua. Den-denak marokoarrak dira, antza… edo sahararrak. Eta haien artean, turista bat, itxuraz arabiarra izan daitekeena, helburu batekin: ahalik eta modurik seguruenean Sahara okupatura heltzea.
Ez da erraza Mendebaldeko Saharara kazetari joaten. Rabatek gustukoak dituen hedabideei baizik ez die ematen baimen ofiziala hara bidaiatzeko: egunkari, irrati, telebista edo albiste agentzia horiek iritzi kritiko samarra ager dezaketen arren, oro har ez dute aginte kolonialistaren kontra egiten, ez dute zalantzan jartzen oraingo statu quo-a. Hala joanda ere, kazetariei gertutik segitzen diete Marokoko Poliziak edo zerbitzu sekretuek, eta sarri norekin hitz egin eta norekin ez aholkatzen diete. Izan ere, Marokon bi gai dira tabu: monarkia eta Mendebaldeko Sahara. Itxurazko prentsa askatasunak hortxe ditu mugak.
Debekatutako lurraldea
Ez da erraza debekatutako lurraldean sartzen. Batez ere azken asteotan okupazioaren kontrako protestak ugaritu direnean: Sahara okupatuan ez ezik, Casablanca, Marrakex eta Assa hirietan ere protesta egin dute bertan dauden ikasle sahararrek, zenbait marokoarrekin batera. Mendebaldeko Saharako preso politikoek gose greba egin dute, beren oinarrizko eskubideak aldarrikatzeko; NBEko idazkari nagusi Kofi Annanek Mendebaldeko Sahararentzat izendatu duen ordezkari bereziaren bisita ere agendan dago. Gainera, urria eta azaroa bitartean Marokok Mendebaldeko Sahara okupatu zueneko 30. urteurrena beteko da. 1975eko urriaren 15ean, gaur 30 urte, NBEren inkesta batzordeak lurraldea deskolonizatzeko erreferenduma egiteko erabakia berretsi zuen. Urriaren 31n soldadu marokoarrak Saharako mugak zeharkatzen hasi ziren lehenengoz. 1975eko azaroaren 6an Martxa Berdea abiatu zuen Hassan II.a Marokoko erregeak Mendebaldeko Saharako mugetaraino. Espainia gehiago presionatu nahi zuen. Azkenik, 1975eko azaroaren 14an, Madrilgo akordioak sinatu ziren, non Espainiak NBEk agindutakoa betetzeari uko egin eta Mendebaldeko Sahara Maroko eta Mauritaniaren eskuetan utzi zuen 1979an Mauritania erretiratu egin zen Saharatik.
Mendebaldeko Saharari buruzko informazioa askatasun osoz biltzea ezina da han eta Marokon. Kazetariak, barrukoak zein atzerrikoak, kontrolaturik daude. Horrexegatik joan behar da turista. Horrexegatik ibili behar da gezurretan Casablancako aireportura iritsi berritan bertako funtzionario atseginak, Marokora lehen aldiz etorri zaren galdetu ondoren, zer lanbide duzun jakin nahi duenean. Horrexegatik komeni da Mendebaldeko Sahararantz pixkanaka-pixkanaka jaistea, lineako autobus batean eta Marokoko hiri nagusietan egun bat edo bi ematea, ahal dela hara heltzean poliziek, jendarmeek, soldaduek, funtzionarioek edo salatariek ezer susmagarririk ez antzemateko. Horrexegatik sartu naiz Agadir-Aaiun autobusean astelehen iluntze goibel batean.Autobusa Agadirtik irten eta ordubete eskasera lehen kontrola agertu da. Errege Jendarmeriako kideen postuaren aurrean gelditu da. Argiak piztu dira kolpetik, eta bidaiariek begiak ireki dituzte. Ez da jendarmerik igo, baina, eta besterik gabe segitu dugu aurrera. Handik hogei bat minutura beste kontrol bat, lehenagokoa bezalakoa: trafiko seinale bat dago abiadura 60 kilometro ordukoa baino handiagoa ez izateko eskatzeko, ondoren beste seinale bat orduko 40 kilometrotik ez pasatzeko, eta jarraian beste bat, biribil gorriaren barruan Gendarmerie Royale idatzita. Azkenean, metro batzuk aurrerago, kontrol postua. Bi jendarme daude kaserna txikian. Haietako bat jaiki eta autobusera abiatu da. Gidariarekin berba egin eta segituan irteten utzi dio.
Turista lanetan
Argiak itzali dira ostera ere. Iluntasuna alboko bidaiaria eskuko telefonoarekin bidaltzen ari den mezuen kliskadek baizik ez dute argitzen. Errepidea ere ilun dago: tarteka, urrunean argiren batzuk ikusten dira, herri txikiak edo. Burua kristalaren kontra jarri dut, begiak itxita, baina ezin lorik egin. Autobus bidaia luzeek nazkatu egiten naute, batez ere 640 kilometro egiteko 12 ordu baino gehiago behar badira. Tentsioa sentitzen dut barnean. Egun osoan goitik behera ibili naiz Agadirren, autobusa noiz hartuko zain. Azken erosketak egin, turista batek egingo lituzkeen argazkiak… Ziberkafe batetik mezuak bidali dizkiet bidaiaren benetako arrazoiaren berri badakiten lagunei. Taxi laranjen geltokiaren ondoko ziberkafean nengoela, bat-batean, polizia bat sartu da eta arduradunarekin hizketan hasi da. Gero ondoan jesarri da. Neska eta polizia ordenagailura begira egon dira luzez, arabieraz mintzatzen: noizean behin uniformedunak atzamarrarekin pantaila seinalatu du. Bezeroak zer web orriri begiratzen ari diren galdetuko ote zion? Edo zer mezu bidali dituzten? Orain arte ez ditut inoiz ikusi polizia uniformedun bat eta ziberkafe baten arduraduna ordenagailu zentralaren aurrean. Lehen aldia da. Big Brother-aren irudia etorri zait burura. Eta deskuiduan nik bidalitako mezuak harrapatu balituzte? Dena pikutara, lagunei balentriaren berri ematearren: Saharan infiltratuko naizela, tabernaria naizela esango diodala Poliziari, Ronaldinhoren kamiseta bat erosi eta jantzi egingo dudala, Marokon askok Bartzelonako 10aren elastikoa eramaten dutelako… «Papaoa!» esan diot neure buruari. Ordu laurden bat pasatzen utzi eta 10 dinar ordainduta alde egin dut ziberretik, haserre bizian.
Arratsaldean hotelera itzuli naiz, dutxatu, trasteak hartu eta alde egiteko. Harrera-lekuan lanean ari den mutil gazteak nora joango naizen galdetu dit. «Hemen inguruan geratuko naiz». «Beste hotel batean? Non?». «Neska bat ezagutu dut, turista bat, eta haren hotelera noa, ez dakit zein den», eta laguntasun keinua egin diot eskuineko begiarekin. Berak irribarre isilarekin erantzun du.Hori guztia gogoan, ia ez naiz ohartu hirugarren kontrola pasatu dugula. Gauerdia da. Honetan ere ez da arazorik izan. Jendarmerik ez da igo autobusera eta bidaiak aurrera segitu du, besterik gabe. Goulmimera hurbiltzen ari gara, Sahara historikoaren mugara. Hantxe hasten da basamortua. Mohamed VI.a erregea hirian izan berri da eta bisitaren arrastoa ikusten da oraindik. Kale nagusiak garbi daude, eta espaloietan dozenaka bandera marokoar, zapi gorria eta izar berdea erdian. Autobusa gelditu egin da eta betiko mugimendua hasi da, bidaiariak gora eta behera. Nire alboan eserita dagoen gizonak lehen bezala segitzen du: begiak itxita, izterrak zabal-zabalik eta besoak luze, beherantz.
10 kontrol 12 orduan
Goulmimetik irten eta berehala laugarren kontrola, eta horretan ere ezer ez. Handik gutxira autobusa gelditu da. Argiak piztu eta bidaiariak ezer esan eta galdetu gabe jaisten hasi dira. Inork ez du argitu egonaldia zenbatekoa izango den. Bi gidari dira, eta haietako batengana joan naiz. «Noiz arte egongo gara hemen?» «Ordu erdi bat», esan du gogo handirik gabe. Alboko jatetxean afaltzen ematen dute. Tagin bat eskatu dut, arkumez osatutako jaki gozoa. Gizon kalpar-dirdiratsua alboko mahaian eseri da andre eta semearekin. Zerbitzariak ogi puska ederra ekarri du mahaira, eta botila bat ur. Gero madalena pakete txiki bat erosi dut. Afaltzen amaitu eta komunera joan naiz. Eskuak ondo garbitu ondoren, alkandora erantzi eta Ronaldinhoren kamiseta jantzi dut.
Bidaiariak autobusera itzuli gara. Gidari bat aurretik atzera etorri da denok gauden kontatzeko. Aire girotua jarri dute, barruko giroa gero eta itxiagoa delako. Madalena paketea ireki eta ale bat eskaini diot alboko gizonari. Eskuarekin ezetz erantzun du, tutik esan gabe. Argiak itzali dituzte, atsedena hobeto hartzeko. Ezin lorik egin, baina. Kontrolak kontatzea izan dut zeregin bakarra. Bosgarrena eta seigarrena ordu erdiko tartean izan dira. Eta goizeko hiruretan, Tan Tan atzean utzi dugunerako, jendarmeriaren zazpigarren kontrola. Goizeko lau eta erdiak inguruan autobusa berriz gelditu da. Bidaiari batzuk baino ez gara jaitsi. Haien artean nire aurreko burusoila dago. Non gauden galdetu diot. «Tan Tandik ehun kilometrora, eta Aaiundik berrehun kilometrora». Basamortuaren ondoan egon arren, aire gozoa dago, itsasoa hurbil-hurbil baitugu. Botilatxo bat ur erosi dut. Herria errepidearen bi aldeetan eraikitako etxe soilek osatzen dute, lantegiek eta jatetxek. Bidaia luzeetan gorputza arintzeko leku tipikoa. Saltzaile gazteari herriaren izena galdetu diot eta Agmir edo halako zerbait esan dit, kristalezko begiarekin irribarretsu. Mapa ireki eta herrixka Akhfennir izan daitekeela pentsatu dut beste bidaiariak emandako distantzia baliatuz. Bostak pasatuta sartu gara autobusean, bidaiaren azkeneko zatia egiteko. Errepideko kartel batek Saharan gaudela gogorarazten du, baina ez da beharrezkoa: hammada, basamortuaren paisaia idor nekagarriak infinitua urratzen du eskuin eta ezker. Argitzen hasi du eta beste kontrol bat aurkitu dugu bidean, zortzigarrena. Oraingoan jendarme bakarra dago eserita, erretzen. Automata baten moduan jaiki da. Burua leihoari atxiki eta lo kuluxka bat egiten saiatu naiz, begiak hertsita. Aaiundik ia ehun kilometrora dago. Agadirren zail samarra zirudiena ia eginda dago, lortua. Zortzi kontrol besterik gabe pasatu baditut, orain ezin da okertu kontua, ezin kakaztu. Tarte batean kontzientzia galdu dut, loaren atzaparretan. Ez dakit lo egon naizen bitartean kontrolik egon ote den. Esnatzean, bai, ordea: bederatzigarrena pasatu dugu.Nire alboko bidaiaria esnatuta dago ja, eskukoarekin jolasean. Begiak ireki ezinik nago, aharrausika. Kartel batek Aaiunera ailegatu garela dio. Handik gutxira eraikin batzuk ikusten dira urrunean. Hurbilago, baina, Armadaren kuartel nagusia dago, hiriko sarrera-sarreran. Autobusa astiro doa oso, eta azkenean gelditu da. Bidearen eskuineko hegalean jatetxe baten kartela dago, janari espainiarra eskaintzen duena. Kuartelaren kanpoan, mugimendua. Martxa Berdea zubitik jeep batzuk eta soldadu asko datoz. Gidariak baino ez dira autobusetik jaitsi.
Halako batean gizon bat sartu da autobusean, eta itsu-itsuan aurrera egin du, nora doan zalantzarik gabe dakiela. Bat-batean neure aurrean ikusi dut. «Zure dokumentuak, mesedez». Aldameneko gizonak begiratu egin dit. Motxila hartu eta pasaportea erakutsi diot. «Zertarako zatoz Aaiunera?». «Noiz arte egongo zara hemen?». «Zein hoteletan egongo zara?». Hotela Lakouara da, merke-merkea eta egokia motxiladun batentzat, baina izena ondo gogoratuko ez banu bezala egin dut. «Lakore edo halako zerbait. Egon apur baten, liburuan begiratuko dut». «Bai, bai, Lakouara hotela», eten du. «Zer lanbide duzu?». «Tabernaria». «Nola?». «Tabernaria, baina ez dut asko edaten, e!», erantzun diot zozo irribarrearekin. Imintzio arraroa egin du, eta joan egin da.
Harriturik nago. Nola ote… Hausnarketan eman ditut bidaiaren azken minutuak. Ziri ederra, baina nork nori? Sinetsiko zuen guztia? Zer egingo du orain? Eta zergatik etorri da nigana, soilik nigana zuzen-zuzenean? Nola jakin du neu naizela autobuseko atzerritar bakarra? Nork esan dio? Gidariak? Saharara etorri aurretik lau egun pasatu ditut Marokon, eta herritarrak arabieraz mintzatu zaizkit beti. Jantzi ere ia haien antzera egin naiz, Bartzelonaren kamiseta eta guzti. Argazki makinarik ere ez daramat agerian. Eta autobusean sartu naizenetik ez dut telefonoz deitu, inork ez entzuteko berbetan. Beraz? Hiri erdira goizeko zazpi eta erdietan heldu gara, Agadirtik irten eta 12 ordu pasatxo geroago. Supratours konpainiaren egoitzaren ondoan kafetegi-okindegi bat dago. Motxila bizkarrean jarri eta harantz joan naiz zerbait hartzera, baina jende asko dago zain. Kanpora irten naiz. Mahai guztiak hartuta daude jadanik. Ezkerrerantz bueltatu eta bi begiren ziztada sentitu dut beste muturretik. Zamarra beltza eta txandal prakak dituen gizona hantxe dago eserita, ezer hartu barik. Hankak zabalik ditu eta besoak zintzilik erdian. Hotelerako bidean gizon horren irudia etorri zait burura. Oraindik ez dakit bost egun geroago, Casa-Voyageurs geltokitik aireportura eramango nauen trenean, gizon bat bidaiari bakarrarentzako lekuan eseriko denik, praka ilunak eta alkandora argi zikina. Hankak irekiko ditu, 45 gradu ireki, eta beso biak zintzilik utziko ditu erdian, eskuak lotuta, burua tente eta begiak itxita, gogoeta sakonetan egongo balitz bezala. Aireportura heldu bezain laster, maletak eta trasteak miatzeko kontrolean dauden poliziengana abiatuko da bizkor, eta aginduak ematen hasiko zaizkie.Hoteleko gelatik egunkarira deitu dut eta gertatutakoa azaldu diet. «Bai, badakit gogorra dela, ez duzula lorik egin, baina orain ohean sartzen bazara, edozein unetan etor daitezke poliziak galdekatzera. Badakite non zauden. Onena duzu segituan dutxatu, alde egin eta gure kontaktuari deitzea. Eta ez itzuli hotelera gauera arte, zu non aurkitu izan ez dezaten. Gaur egin beharreko guztia egin. Bihar batek daki zer izango den».
Bihar: ‘Ezkutuko hitzordua Aaiunen’ (II)

Copia permitida segun
0 Respuestas a “Bidaia Sahara okupatuan. I. Agadirtik Aaiunera”