Bidaia Sahara okupatuan (eta III). Ezusteko bisita Lakouara hotelean

Marokoko Polizia Mendebaldeko Saharara doazen atzerritar guztiak kontrolatzen saiatzen da edozein une eta lekutan, agente uniformedunen edo zibil jantzitakoen bidez. Poliziak egiten dituen itaunketetan denbora dezente hartzen dute bisitariaren lanbideari buruzko galderek.

Tabernari izatearen garrantzia
JOSE MARI PASTOR

Aaiunen ez dago turistarik. Hemengoek heldu berria turista dela pentsatzea MINURSOkoek Ronaldinhoren kamiseta jantz dezaketela pentsatzea bezain bitxia da. Herritarrek nekez ulertzen dute turista bat Armadak eta Poliziak okupaturik dagoen hiri batera joatea. Poliziek nekez sinesten dute.

Atea jo dute bigarren aldiz, eta bainutik irten naiz presaka.

Zure pasaportea, mesedez.Bi gizon atzerritar bati dokumentazioa eskatzen Mendebaldeko Saharako hotel batean, gelako atean. Ez dira bertako enplegatuak, ez dute Nazio Batuen Erakundearen ikurrik edo zeinurik… Beraz, poliziak dira. Gelan sartu naiz pasaportearen bila. Goizeko hamarrak dira eta toalla gerriari lotua dut oraindik. Gorputza lehortu gabe ireki behar izan dut atea. Pasaportea luzatu diet.

Noiztik zaude Marokon?‹ galdetu du trajedunak.

Aurreko astean iritsi nintzen, ostegunean.

Eta nola etorri zara? Autobusez, hegazkinez?

Hegazkinez, Madrildik Casablancara.

Zer egin duzu egun hauetan?

Turismoa, Marokoko hiriak ikusi.Serio dago, baina modu onean galdetzen ari da. Traje urdin dotorea darama. Bizarra egina du, ondo orraztuta dago, ileak gehiegizko dirdira badu ere. Bestea biboteduna da eta bekozkotsua, begirada makurrarekin, txandal beix zaharra soinean.

Nondik nora ibili zara orain arte?

Casablancan egun bat pasatu dut; Marrakexen bi, eta Agadirren beste bat.

Eta gero hona etorri zara. Nola? Autobusez?

Bai, Supratoursen autobusarekin. Astelehenean irten nintzen zazpi eta erdietan eta atzo goizean Aiaunen nengoen.

Zergatik Aaiunera?

Marokoko hegoaldea ere ezagutu nahi nuelako.

Eta zergatik ez zara Agadirren geratu? Oso hiri polita da, turistikoa. Zergatik jaitsi zara Aaiunera?

Hegoaldea ikusteko, esan dizut, baina Agadirrera berriro bueltatuko naiz, noski, gustatu egin zait-eta.

Noiz itzuliko zara Agadirrera?

Bihar arratsaldean. Bihar erosiko dut txartela.

Txartela gaur ere eros dezakezu.

A, bai? Ondo, ez nekien. Orduan, gaur saiatuko naiz erosten.Isildu egin da une batez. Pasaporteko orriak begiratzen hasi da. Koaderno txikia atera du poltsikotik, eta pasaporteko datuak idazteari ekin dio. Oinak bustita ditut oraindik eta behea zapaltzen ez nago eroso. Baina galdeketa ez da amaitu.

Zein lanbide duzu?

Tabernaria.

Nola?

Tabernaria naiz, badakizu taberna batean, edariak ematen eta..

Beti izan zara tabernaria?

Bai.Bat-batean deia jaso du eskuko telefonoan. Berbetan hasi da eta atetik apur bat urrundu. Txandaldunari une batez itxaroteko keinua egin diot eskuarekin, jantziko naizela ulertzeko. Itxura horrekin ez nago gustura haien aurrean. Haiek agian ere ez. Prakak jantzi ditut korrika eta atera joan naiz berriz. Poliziak telefono hizketa bukatu du.

Tabernaria. Eta beste lan motarik ez duzu egin zeure bizitzan?

Ez, beti izan naiz tabernaria. Gazte-gaztetan hasi nintzen, zerarekin, nola esaten da frantsesez…? Tira, arrebaren senarrarekin. Gero, Alemanian jatetxe espainiar batean lan egin nuen hiru urtean.

Lehenengoz zaude Marokon?

Bai. Tabernako lankidea, beno jabea, Marokon egon da eta etortzeko esan dit, gustatuko zaidala eta.

Ostalaritza elkarte bateko bazkidea zara? Horren agiria duzu?

Ba ez, ez erantzun diot lasai-lasai, harrituaren aurpegia jarriz.Isilik gelditu da. Azkeneko errekurtsoa erabiltzekotan egon naiz, lankide batekin hitzartuta. Poliziek lanbideari buruz gehiegi galdetuz gero, haren telefono zenbakia eman behar nien, berari deitzeko esanez. Hark nire nagusia dela azaldu behar zien orduan, eta niri buruzko informazioa eskaini.

Basamortua ikusteko bidai agentziara joan behar dut?‹ galdetu diot isiltasuna hautsi eta normaltasun itxura emateko.

Bai, edo agentziarik gabe ere egin dezakezu, taxi bat hartu eta segituan eramango zaitu. Polizia bekozkotsuak bestearen esana berretsi du buruarekin.

Ondo da, hementxe duzu pasaportea. Pasa itzazu oso egun onak Marokon. Eskerrik asko eta barkatu eragozpenak, jauna.

Atea itxi eta berehala, eskuko telefonoarekin mezuak bidali dizkiet egunkariko lankideei. Egoera ez da gozoa gero! Poliziak pasaporteko datuak hartu ditu. Orain ordenagailu batean sartu eta bilatzen hasiz gero, zer agertuko da? Kezkak buruan bueltaka, Ronaldinhoren kamiseta hartu eta jantzi dut. Hatsitu egiten du, bezperako joan-etorrien ondorioz.Tabernaria naizela esateak funtzionatuko du? Halaxe pentsatu dugu egunkarian, bidaia hasi aurretik. Irakaslea edo letretako lanpostua izatea susmagarriagoa izango da beti. Batek daki, irakasle bat Mendebaldeko Saharari buruzko tesia prestatzen ibil liteke… Eta mekanikaria edo igeltseroa naizela esatea… ez. Zerbait frogatzen hasiz gero, beti izango da errazagoa gin-tonic bat jartzea Audi bateko motorra konpontzea baino.

«MINURSOkoa zara?»

Kafetegira joan naiz gosaltzeko asmoz. Hamar eta erdietan bukatzen da gosaltzeko garaia eta oraindik itxi ez badute ere, bufeta erdi hutsik dago. Zerbitzariari esnea eskatu diot eta kruasan bat hartu dut. Badaezpada ere, normalean baino ogi gehiago jan dut. Gaur Ramadan hasi da eta zenbait lekutan arazoak egon daitezke ilundu aurretik mokau bat jateko.

«MINURSOkoa zara?», galdetu dit kafetegiko langileak. «Ez, ez», erantzun dut apur bat harrituta. «Orduan?» «Turista». Berak ere harrituta begiratu du. Ez da gutxiagorako. Aaiunen bost atzerritar mota daude, baina haietako ezein ere ez da turista. Bost kategoria horiek bi taldetan bana daitezke. Batetik, modu iraunkorrean hemen bizi direnak daude: Marokotik azken 30 urteotan eramandako milaka eta milaka kolonoak, eta NBEk bidalitako ikuskatzaileak. Bestetik, hirira tarteka azaltzen diren hiru multzoak, ondo definituak: nazioarteko giza eskubideen elkarteetako ordezkariak, kazetariak eta enpresariren batzuk. Harreralekuko gizonak leiho zabaleko gortina mugitu du eta kristaletik kuskuseatzen hasi da. Hotelaren kanpo aldean NBEren autobusa dago aparkaturik. Ondoan bi lagun, bata soldadu, bestea zibil.

MINURSOkoak zarete?‹ galdetu diet hizketan hasi nahian.

Bai‹ erantzun du hurbilen dagoenak.

Nongoak?

Ghanakoak. Bi hilabete eta banoa etxera, bueltan. Eta zu ere MINURSOkoa zara?

Ez, ez, ni oporretan nago.

Nola? Ez zara MINURSOkoa? Orduan zer arraio egiten ari zara hemen, gizona?

Badakizu, oporretan Marokon eta hegoaldera jo dut, Aaiun ikusi nahi nuen.

Joan zaitez lehenbailehen, hemen ez dago ezer eta!‹ esan du txantxetan.

Zer moduz hemen? Nola ikusten duzue hau, hemengo egoera eta….? Hoteleko harreralekuko gizona kanpora irten da eta, ezustean, ondoan jarri da.

… Bai arrazoi duzu, bihar bertan banoa Agadirrera, badakizu, hondartza eta. Egon zara inoiz?‹ esan diot Ghanako ikuskatzaileari lekuko berriaz ohartuta, gaia aldatzeko. Hark, ostera, autobuserantz jo du. Ziberkafean, bezperan elkarrizketen orriak eskaneatu zituen teknikaria dago. Kontaktua oraindik ez dela etorri azaldu du. Hoteleko bisitaren zehaztasunak aditu ditu. Barre egin du tabernariaren kontuaz. «Informazio zerbitzuetako kideak dira. Asko ibiltzen dira hirian barrena. Ziur zaude ez dizutela segitu?». Hoteleko eta zerbitzuetako jende askorekin kontuz ibiltzeko esan du. Mattala, herritar gehienak sahararrak dituen auzora joan nahi dudala esan diot. «Ez dago arazorik, baina hara hurbiltzean zuhur jokatu behar da, poliziak zelatatzen ibiltzen dira inguruetan». Koaderno bateko orria hartu eta mapa egin du. «Mekka bulebarretik eskuinera jo amaieraraino, eta han Smara hirirako kartela ageri denean, ezkerretara egin. Ezkerreko espaloitik segitu eta Aaiungo futbol zelaira iritsi aurreko azken kantoian dago auzoaren muga».

«%100 sahararra»

Erraza da Mattala auzoa aurkitzen. Ziberkafeko lagunak azaldutako leku berean dago, futbol zelaiaren ezkerretara. Haren itxura inguruko auzoetatik nabarmentzen da. Etxeak txikiagoak dira, eraikinak xinpleagoak. Eta bide ertzean poliziaren furgoneta bat edo bi egoten dira. Karrika horietatik dator Mohamed. Ingelesez ozta-ozta mintzo da. 30 urte ditu. Auzo horretan gehienak sahararrak diren galdetu diot. Baietz, bera ere sahararra dela, «%100 sahararra».

Kalean ez dago inor. Non hasi galdezka? Norekin hitz egin? izkinan musika denda zaratatsu bat dago eta teleboutique bat, Marokoko telefono konpainiek han hemenka dituzten lokutorioetako bat. Rachid handik dator. «Zer zara, turista ala kazetaria? Eta zer nahi duzu?» Auzoan hitz egitea arriskutsua dela adierazi du, «polizia asko zibil ibiltzen direlako». Nik ez dut inor ikusten baina. «Onena auzotik irtetea da. Hemen nirekin mintzatzen ikusten bazaituzte, paperak eskatuko dizkizute eta kanporatu egingo zaituzte».

Leku neutral batera joateko esan du eta leku hori auzoaren muga zehazten duen futbol zelaia da. Harako bidean Rachiden lagun bat hurbildu da. Bien artean berbetan hasi dira. Rachidek kirol eraikinaren hormaren kontra esertzeko esan du. «Ni ez naiz sahararra %100, erdi sahararra, erdi marokoarra naiz». Haren ustez, arazoa konpontzea zaila da. Marokok ez du borondate politikorik auzia bideratzeko. «Marokoko hiriburu politikoa ez da Rabat, Aaiun da. Hemen, Mendebaldeko Saharan jokatzen ari da bere etorkizuna».

Mattalan 3.000-4.000 herritar inguru bizi direla azaldu du, gehienak sahararrak. Azken hiru hamarkadetan Rabatek herritar asko eraman ditu Mendebaldeko Saharara. Herrialdea kolonizatzeko modua izan da. Egun, herritarren bi herenak marokoarrak dira, jaiotzez edo jatorriz, 1975eko okupazioaren ondoren hara joanak.

Maroko hegoaldeko probintzietan bizi izateko abantaila eta erraztasun asko ematen dizkie Rabateko gobernuak herritarrei. Lanpostu berdinagatik soldata hobea kobratzen dute, eta ez dute zergarik ordaintzen. Marokoarrak nagusi direla, eta haiek ere bozkatzeko eskubidea izanik, agian independentzia lortzeko lanak izango dira. Rachidek erreferenduma egitea nahi du, nazioarteko legalitatea errespetatzea, baina ez du uste arazoa marokoarrekin denik. «Arazoa herri sahararraren eta estatu marokoarraren artekoa da».

Bera Goulmime ingurukoa da, basamortukoa. Behin baino gehiagotan esan diote Marokora joateko baina ez du inondik inora nahi. «Zer egingo dut nik han? Maroko ez zait gustatzen. Ustelkeria baino ez dute. Nik hemen bizi nahi dut». Baldintza txarretan bizi direla aitortu du, langabezian. MINURSOk eman dion identifikazio agiria erakutsi du, non sahararra dela ageri den.

Jende gehiagorekin hitz egin nahi nukeela esan diot. «Orain zaila da, Ramadaneko lehen eguna da eta gehienak etxean daude deskantsatzen, esfortzu handirik egin gabe, barauari ondo eusteko. Nahi baduzu, iluntzean etorri eta bi lagunekin etorriko naiz. Etxe batera joango gara eta hitz egingo dugu». Poliziarekin gorabeherarik izan dudan galdetu du. Goizekoa kontatu diot. Barreka hasi da eta bostekoa eman dit, oraindik ere barrez lehertzen. «Tabernaria? Tabernaria? Aurpegi ederra jarriko zizuten horiek. Hurrengoan esaiezu medikuak aholkatu dizula klima lehorra, hezurretarako ona delako, eta Malira ezin zarenez joan, kolera dagoelako, bada, Aaiunera etorri zarela». Alde egin aurretik gomendioa eman dit. «Gauerako alda ezazu kamiseta hori. Nabarmenegia da egun osoan gora eta behera horrela joatea». Zigarrorik ote dudan galdetu du. «Ez, ez dut erretzen. Kirolaria naiz, ez duzu ikusten Ronaldinhoren kamiseta ala?». Hitzordua zortzi eta erdietan egin dugu, futbol zelaiaren ondoko kalean. Hiri erdira itzuli aurretik ziberkafe batean sartu naiz, postatik zer heldu den ikusteko. Sahanet-eko arduraduna neska gazte bat da. Aichatouk aurpegi zabala eta begi bihurriak ditu. Ordenagailua ez dabil oso ondo eta konektatzen saiatu da. Musika arabiarra jarria du. «Musika Saharakoa da, eta Mauritaniako kantari ezagun batek kantatzen du. Oso polita da. Gustatzen zaizu?». «Orduan sahararra zara?». «Bai, sahararra %100». Bero sapa dago barruan. Bisera erantzi dut. Kopetan behera izerdi tantak erori dira. «Non daude zure ileak?», galdetu du begi bihurriak ñirñirka. «Etxean utzi ditut. Halako beroarekin ileak eta bisera eramanez gero, akabo». «Bada, behar baduzu, nik ile batzuk emango dizkizut». Eta eskuarekin adats beltzaren zati bat erakutsi du, harro-harro. Aaiunen noiz arte egongo naizen galdetu du. «Bihar banoa Agadir edo Marrakexeraino. Eta handik Casablancara, igandean hegazkina hartzeko». «Marrakex, Casablanca ufff…» nazka keinua egin du «Casablanca ez zait gustatzen, oso zikina da: negozio asko, mafia eta ustelkeria asko. Ni Saharan oso ondo nago».Kontaktuak bezperan eskaneatutako orriak egunkarira ondo iritsi diren galdetu du. Arazorik izanez gero berriro bidaliko dituzte. «Iluntzean egingo dugu. Bidaltzeko ordu onena da eta seguruena». Goizean hotelean izandako galdeketaren berri eman dio teknikariak. «Eta arazorik ez? Ondo dago guztia? Dena den, atzo zu hemendik irten bezain laster hor aurrean, Al Massira hotelaren ondoan zegoen autoak alde egin zuen. Fiat Uno bat da, ondo ezagutzen dugu».Gaueko hitzordurako Rachidi kasu egin edo ez zalantzan egon eta gero, arropa aldatzea erabaki dut. Arratsaldeko bostak pasatuta itzuli naiz hotelera. Etzan egin naiz telebista apur bat ikusteko. Marokoko telebistan Ceuta eta Melilla inguruan dabiltzan etorkinen irudiak daude. Zazpietan harreralekura jaitsi naiz geroago zerbait jan dezakedan galdetzeko, baina ezin izan dut inorekin hitz egin. Enplegatuak otoitzetan daude isilik, mostradorearen atzean belauniko. Gora igo naiz berriro. Alkandora argi hitsa jantzi dut Ronaldinhoren kamisetaren ordez.

Bihar: ‘Aaiun, soldaduen hiria’ (IV)

0 Respuestas a “Bidaia Sahara okupatuan (eta III). Ezusteko bisita Lakouara hotelean”


  1. Ningún Comentario

Añade un Comentario