Bidaia Sahara okupatuan (eta IV). Aaiun, soldaduen hiria

Polisarioko kideek hiru hamarkadatako borrokaren testigantza eman dute, Espainiaren okupaziotik Marokoren inbasiora. Mohamedek eta Dadachek iraganeko bizipenak gogoratu dituzte, eta etorkizunerako nahiak berretsi dituzte, erreferenduma eta Mendebaldeko Sahararen independentzia.

Gosaria Minursorekin
JOSE MARI PASTOR

Porteñoa? Porteñoa ni? Porteñoak Buenos Aireskoak dira eta ni Montevideokoa naiz».

Minursoko kideak 1,90 metro inguru du eta ez da 100 kilotik urrun ibiliko. Hoteleko kafetegiko barran dago, goizeko kafea edaten. Zerbitzariarekin frantsesez hitz egiten entzun dit eta, doinuagatik edo soinean Bartzelonaren kamiseta ikusi duelako, segituan galdetu du. «Espainiarra?». «Bai, bai, espainiarra naiz, espainiarra», erantzun diot jaioterriaz harro dagoenaren itxura eginez. Eta porteñoaren ziria sartzen saiatu naiz.

«Porteñoak argentinarrak dira, harrokeriagatik tente egon ezinik dabiltzan horiek. Argentinarrak jasanezinak dira, benetan. Badakizu argentinar bat aitarengana doa eta: ‘Zorionak, aita’», esan du ahots lodiaz, oilar baten moduan paparra atereaz. «Eta aitak: ‘Zergatik, ba, seme?’ ‘Ba, ni bezalako seme bat daukazulako’. Ez, ezin ditut jasan, dena dakite, eta haien tangorik ezagunena, La Comparsita, geurea da, Uruguaikoa, eta leche frita ere geurea, haiek Argentinakoa dela esan arren…».

Uruguaitarra Mendebaldeko Saharara etorri berria da. Minursoko beste kideen antzera, urtebete egin beharko du 1991ko su-etenetik NBE Nazio Batuen Erakundeak herrialdean hedatutako misioan.

Konponbiderik ikusten diozu honi?

Ez dakit. Oraintxe heldu naiz, eta oraindik ez dut erreferentzia askorik. Baina nik uste dut 14 urte badaramatzatela horrela, eta statu quo-a errespetatu egin behar dela.

Uste duzu erreferenduma egingo dela azkenean? Marokok atzera egin du.

Bai, egin beharko litzateke, nik hala uste dut.

Zenbat soldadu zarete?

Ez, ez, gu ez gara soldaduak, gu ikuskatzaileak gara erantzun du ahotsa altxatuz.Zerbitzaria barra aldera hurbildu da kafe makinatik.

Eta urtebetean ez zara etxera joango? galdetu diot Minursoko kideari.

Ez, baina Gabonetan senideak etorriko dira. Espainian elkartuko gara, Bartzelonan. Beno, joan egin behar dut. Ondo izan. Rodolfo izena dut, nahi duzunerako eta eskua luzatu dit alde egin aurretik.

Rodolfo Mendebaldeko Saharan dauden 231 ikuskatzaileetako bat da, NBEren aginduz hona etorria. Beste bi ikuskatzaile alboko mahaian daude, gosaltzen. Kenyarrak dira eta zibil jantzita daude. Haien ondoan paratu naiz. Geu gara kafetegiko bezero bakarrak. Beste inor ez dago kafetegian, zerbitzaria salbu. Kenyako ikuskatzaileak ingelesez ari dira, baina bat-batean beste hizkuntza batez hasi dira. Swahilia? Bantua? Bost minutura, ordea, berriz lotu zaizkio ingelesari. Zerbitzariari Ramadanari buruz galdetu diote, barau egitea latza ote den lanean ari den bitartean. Ohitura kontua dela erantzun du hark. «Ni kristaua naiz; beraz, ez dut halako arazorik», bukatu du Kenyako soldaduak. Eta gosaltzen segitu du, lagunarekin kontu kontari.

120.000 soldadu

Soldaduak, soldaduak, soldaduak. Era batera edo bestera ikus daitezke. Banaka batzuk NBEk ikuskatzaile bidalitakoak dira. Agerikoak diren besteak, Marokok ekarritakoak. Tea edaten ari naizen bitartean giza eskubideen aldeko ekintzaileek emandako datuak etorri zaizkit gogora. Rabatek 120.000 soldadu ditu Mendebaldeko Saharan hedaturik. Presentzia hori nabarmena da hirian. Martxa Berdea zubian gora, ariketa militarrak egiten ikusi ditut, kuartelerako bidean. Gero banaka, binaka edo taldeka ere azaltzen dira hirian barrena, egun osoz. Horri guztiari Poliziaren atalak gehitu behar zaizkio. Brahim Sabbarrek berak azaldu dit zeintzuk eta nolakoak diren: GUS Hiri Segurtasunerako Taldeak, CIM Esku-Hartze Mugikorreko Konpainia, RG Informazio Orokorretarako Zerbitzuak, DAG Afera Orokorretarako Zuzendaritza azken biak zerbitzu sekretuetakoak, FA Indar Laguntzaileak Armadarekin eta Poliziarekin lan egiten dute, Errege Jendarmeria, hirien inguruetan eta probintziako errepideetan dabilena…

Aiaunen beste soldadu batzuk ere badaude, ikusezinak baina ezagunak: Polisariokoak. Haietako bat da Mohamed bere benetako izena ez emateko eskatu du.Eskua eskaini diot, eta harengana hurbildu naiz, masailetan musu emateko. «Ez, hori marokoarren agurra da. Gurea desberdina da», esan du kontaktuak. Eskuin eskua eman eta ezker besoa sorbaldaraino luzatu dit, besarkatzeko. Pare bat aldiz errepikatu behar izan dut. Erraza da, baina ohitura faltak ez du laguntzen. Mohamed «ekintzaile zaharra» dela esanez aurkeztu du kontaktuak. «Ekintzaile zaharra?», errepikatu dut. «54 urte ditut, seguruenik zuk baino 20 edo 15 urte gehiago!», esan du txantxetan, begiak antioju ilunen atzean. Erratu egin dela erantzun diot. «Orduan, Polisariokoa zara?». «Polisariokoa izango naiz beti, Polisarioak independentzia nahi duen bitartean».Mohamedek Aaiunen ikasi zuen eta gero Europara joan zen, Galiziara, ikasten segitzeko. «1974. urteko amaiera zen eta ordurako ekintzailea nintzen. Zelula eratuak genituen Aaiunen, 3-5 laguneko taldetxoak, hasieran ez ginen asko. Talde horiek Dajla, Smaran eta beste leku batzuetan hedatzen hasi ziren».Lehen borrokak espainiarren kontra 1973. urtean izan zirela gogoratu du, Polisarioa sortu eta berehala. Galizian egindako sei hilabeteen ondoren, sorterrira itzuli zen. 1975. urtea zen eta Marokok lurraldea okupatzeko lehen pausoak emanak zituen. «Geure herrialdea inbadituko zuten susmoa bagenuen, Maroko hegoaldeko sahararren informazioen bidez. Guk uste genuen Espainiak ez zuela alde egingo autodeterminazio erreferenduma egin gabe, baina ez zen hala izan».

«Modu basatian sartu ziren»

Ordurako Espainia eta Marokoren artean dena ondo lotuta zegoela esan du. «Ezkutuko negoziazioak eginda zeuden. Martxa Berdea mugaraino joan zen eta bueltatu egin zen. Sartu, Marokoko Armada sartu zen. Inbasio militarra 1975eko urriaren 31n hasi zen, ekialdetik. Martxa Berdea aitzakia izan zen nazioartearen arreta horra eramateko, baina benetako inbasioa beste leku batzuetatik prestatzen ari zen Maroko».

Mohamed 1976ko urtarrilaren 15ean kartzelatu zuten marokoarrek, «soldadu espainiarrak artean Mendebaldeko Saharan zeudela». Marokoarren jokaera salatu du.«Modu basatian sartu ziren. Hassan II.ak esan zuen Sahara inbaditzea astebeteko kontua baizik ez zela izango… Eta bere soldaduei hauxe esan zien: ‘Tropa espainiarrekin topo egiten baduzue, zuen ogia banatu haiekin; beste inor aurkitzen baduzue bidean, armak erabili’. Beste ‘inor’ hori geu ginen, noski».

Okupazio batetik bestera aldaketak izan ziren. Marokok Espainiak egin ez zituenak egin zituen Mendebaldeko Saharan: «Espainiarren garaian ez zegoen emakumerik kartzelan. Marokorekin desagertuen %25 emakumeak dira. Marokoarrek emakumeak gizonak baino okerrago tratatzen dituzte, berdin emakumea 12 urteko neskatoa izan edo 80 urteko andre edadetua».

Errepresio latzena 1975-1979. urteak bitartean izan zela gogoratu du. Esterminio politika abiarazi zuen Marokok. «Basamortuan haima taldeak bonbardatu zituzten, napalm eta fosforoz, debekatutako gaiak. Soldadu marokoarrek abere guztiak hiltzen zituzten eta zenbait lekutan, Smaran-eta, jendea bizirik lurperatu zuten».Mauritaniak Mendebaldeko Saharatik alde egitean indar guztiak fronte bakarrean jartzeko aukera izan zuen Polisarioak. «Horri aurre egiteko Hassan II.ak AEB, Frantzia eta Israelera jo zuen laguntza eske, eta taktika aldatzen hasi zen. Orduantxe atera zuen erreferendumaren ideia, Polisarioa borroka luzeari eusteko gai zela ohartu zelako». Urte haietan Rabatek Mendebaldeko Saharako komunikazioak eten zituen. Herrialdea bakarturik zegoen. «2001. urtea arte ezin zen askatasunez nazioarteko deirik egin Mendebaldeko Saharatik. Marokora deitzeko Postaren egoitzara joan behar zenuen eta hortik bideratzen zen deia, kontrolaturik. Azkenean, nazioarteko komunikazioak ireki behar izan zituzten: eskuko telefonoak iritsiak ziren, Internet… Ez zegoen beste erremediorik».

Hoteleko kafetegiko enplegatua mahaira hurbildu da. «Laranja ura nahi duzu?». Baietz esan diot, tea jadanik bukatu dudan arren. Ez daukat presarik. Erredakziora deitu behar dut, dokumentu guztiak behingoz oso-osorik iritsi zaizkien jakiteko. Alboko mahaian Kenyako bi ikuskatzaileak daude oraindik. Horiek ere presarik ez, antza.

Laranja uraren zain, gidaliburua ireki dut, turistentzako aholkuak berriz irakurtzeko. Aaiun hiri «interesgarria» dela dio, baina ez duela leku berezirik bisitatzeko, Djemal zokoaz eta Machour plazaz aparte. Hotel onenak Parador eta Al Massira dira eta NBEko tropek leku horietako batzuk hartuta dituzte. Lakouara hotela «zahar samar baina erosoa» da. La Madone pizzeria ere aipatzen du, Chahid Bouchraya etorbidean, Dchira plazaren aldamenean. Liburuaren arabera, «leku atsegina» da eta hango jana «bikaina»: pizzak, harirak, entsaladak… Bezperan bertan La Madone-n jandako entsalada eta spageti ederrak gogoratu ditut. Hango egur gorria, berotasuna, lasaitasuna: sukaldaria sutondoan eta neska ile motzekoa mahaian. Handik alde egin nuenean, ia gauerdian, inor gutxi zegoen kalean. Gizon batzuk eserita terrazetan, eta herritarrak taxi txikien zain. Haietako bat mutil gazte bat zen. Zati bakarreko jantzi luzea zuen soinean, goitik behera urdina.

Sidi Mohamed Dadach ere halaxe janzten da, Saharako daraa urdin tipikoarekin. Marokok denbora luzeenez espetxeratu duen Polisarioko soldadua da: 25 urte. Begiak nekatuak ditu, begirada bizkor baina lasaia. Dadach 1976. urtean atxilotu zuen Marokok eta bi urtean desagerrarazita izan zuen. Gero askatu egin zuten, baina FA Marokoko Indar Laguntzaileetan sartzera behartu zuten, Polisarioko beste gerra gatibu batzuekin batera. 1979. urtean hamar gerra preso, Dadach barne, Marokoren ibilgailu ofizialak hartu eta Polisarioren kanpamenduetara ihes egiten saiatu ziren. Gehienek lortu zuten. Dadach zihoan autoak istripua izan zuen. Bera zauritua izan zen, eta ondoko laguna hil egin zen. Militante sahararra berriz preso hartu zuten marokoarrek. Heriotza zigorra ezarri zioten eta heriotzaren pabilioian 14 urte eman zituen Kenitrako espetxean, Rabatetik hurbil. Gero heriotza zigorra baliogabetu eta hil arteko zigorra ezarri zioten. Horrela beste bederatzi urte pasatu zituen. «1998. urtean Pierre Sane Amnesty Internationaleko buruak kartzelan bisitatu ninduen. Bisitaren ondoren nire egoera hobetu egin zen. Lehenago senideek eta familiak ez zekiten nola nengoen. AIk eta Nazioarteko Gurutze Gorriak lan egin zuten munduari esateko ni Kenitrako kartzelan preso nengoela». Sahararren borroken eta nazioarteko presioen ondorioz 2001. urtean askatu zuten. Norvegiak Giza Eskubideen Saria eman zion gero.

Arabieraz mintzo da, Brahim Sabbar itzultzaile duela. Noizean behin zerbait esaten du frantsesez, baita espainierazko hitz solte batzuk ere. Hogeita hamar urteren ondoren ez du uste egoera biziki aldatu denik. «Saharako auziak bere horretan dirau. Madrilgo akordioek nazioarteko legalitatea hautsi zuten eta herri sahararraren eskubideak urratu zituzten. Bada garaia Espainiak bere erantzukizun osoa hartu eta okerrak zuzen ditzan».

Espainiako agintariei deia

Espainiaren pasibotasuna salatu du. «Espainiako Gobernuak hau konpontzeko lan egiten ez badu, arazoak izango dira beti». Dei egin die Espainiako errege Juan Carlos I.ari eta Espainiako presidente Jose Luis Rodríguez Zapaterori egoera aldarazteko. «37 pertsona daude Aaiungo kartzela beltzean, Casablancan… Preso politiko guztiek eskubideak dituzte, baina preso politiko sahararrek arazoak dituzte. Juan Carlosek eta Zapaterok Mohamed VI.ari idatzi beharko liokete preso sahararren egoera hobetzeko eskatzeko».

Marokoko errege berriarengan ez dauka esperantza handirik. Hitz politak esan bai, baina Mendebaldeko Saharan bere aita baino gaiztoago jokatzen ari da. «Hassan II.a diktadorea zen, baina azkenean erreferendumaren irtenbidea onartu zuen. Mohamed VI.ak aitaren hitzak jan ditu. Ezetz esan dio erreferendumari. Demokraziaz eta abarrez asko hitz egiten du, baina gero ez du bozketarik nahi».

Atzera egin du besaulkian. Ihesaldiko istripuan min hartu zuen sorbaldan. Oinazeak kroniko bihurtu dira. Leihotik sartzen den argia haren jantzi urdinean islatzen da. Erreferendumaren gaiari heldu dio berriro: «Marokok badaki ez duela irabaziko. Horregatik bozketa egitea atzeratzen ari da, errolda manipulatzen segitzen du. Marokon bizi diren sahararrak bilatzen ari da, identifikazio karta eman eta erreferendumean bozka dezaten».

Zerbitzariak platerak erretiratzean ateratako zaratak kafetegiko errealitatera itzularazi nau. Alboko mahaira begiratu dut. Minursoko kideek hortxe segitzen dute hizketan elkarrekin. Sarrerako atearen gainean hainbat eranskin daude, nazioarteko misioko partaideen bandera eta leloekin. Honduras al Mundial, Zeelanda Berria…Hormako ezkerrean Argentinako bandera duen eranskin bat ikusi dut eta haren ezkerrean, aurrez aurre, Uruguaikoa. Erdian, baina, Norvegiako bandera dago, ikuskatzaile.

Bihar: ‘Rachiden bila Mattalan’ (eta V)

0 Respuestas a “Bidaia Sahara okupatuan (eta IV). Aaiun, soldaduen hiria”


  1. Ningún Comentario

Añade un Comentario