Bidaia Sahara okupatuan (eta V). Rachiden bila Mattalan

Maiatzetik hona ugaritu egin dira herritar sahararren manifestazioak euren askatasun eta eskubide zibilen alde, herrialde okupatuan zein Marokon. Intifada sahararra da. Ikasleen ekimenek berebiziko garrantzia izan dute protesta ekintzetan. Marokoko poliziek gogor egin dute haien kontra.

Azken gaua Aaiunen
Jose Mari Pastor. BERRIA

Alkandora argi hitsa jantzi dut Ronaldinhoren kamisetaren ordez. Hoteletik irten aurretik azken gaua izango dela esan diot harreralekuko arduradunari.

Bihar bazoaz ala? Nora? Zer ordutan?

Agadirrera, baina oraindik ez dakit noiz. Arratsaldeko lehen orduetan badago autobusik?

Bai, hiruretan edo lauretan, ez nago seguru.Bidai txartela erosi eta aldean izan arren, ez diot esan nahi izan. Autobusa Agadirrera doa; nik, ostera, Marrakexeraino segituko dut. Eta ez naiz arratsaldeko lauretan irtengo, iluntzeko zazpietan baizik. Normalean zazpietan abiatu behar luke autobusak, baina irteera ordubete atzeratu dute Ramadanagatik.

Zer moduz Aaiunen?

Oso ondo. Atzo gora eta behera ibili nintzen, Djelako zokoetan, hiri espainiarra izan zen aldean, Dchira inguruko dendetan. Ea bihar autobusa hartu aurretik denborarik dudan basamortura joateko erantzun diot gezurretan. Arratsaldeko zazpiak pasata daude, eta inor ez dago kalean. Lakouara hoteletik Mekkarako bidea ilun dago. Ramadaneko iluntzea da, eta mundu guztia etxean dago, eguneko baraua gauez bukatu eta elkarrekin afaltzeko. Ni, aldiz, kale gorrian nago, bakar-bakarrik, txakur baten moduan. Nire presentzia nabarmenegia da, agian. Kontaktuari deitu diot telefonoz.

Hemen ez dago inor. Neu bakarrik. Ez naiz konturatu Ramadanaren ondorioz denak etxean zaudetela. Mattalan ere ez da inor egongo.

Bai, afaltzen amaitu eta gero irtengo dira. Kalea berpiztu egingo da berriro.Kafetegi bat irekita dago eta eseri egin naiz. Hango langileak mahaian daude afaltzen. Kanpoan telebista piztuta dago eta bi gizon futbol partida begiratzen ari dira. Laranja ura eta arrautza egosi bat eskatu dut. Rachidekin zortzi eta erdietan da hitzordua eta oraindik denbora dago. Goiz da Mattalarantz abiatzeko.Auzo bereziki zelatatua da Mattala, hirian sahararrak nagusi diren beste auzoak bezala. Mattalatik harantzago iheslari sahararren kanpalekuak daude. Sorterrian bertan iheslariak. Marokoarrek ez diete kanpotarrei bertara hurbiltzen uzten.

Sahararren protesta asko auzo horietan izaten dira, Poliziak gertu-gertutik begiratzen dituen guneetan. Lahdia Balaren neba halako manifestazio batean atxilotu zuten abuztuaren 8an. Mohamed Bala gose greban hasiak ziren preso politikoen alde egindako mobilizazioetan zegoen. «GUS Hiri Segurtasunerako Taldeen aurrean egindako manifestazio batean harrapatu zuten neba, beste batzuekin batera, gaueko hamarretan. GUSekoak borrero ibiltzen dira manifestazioak zapaltzen, gogor-gogor eraso- tzen. Atxilotu eta gero senideak polizia-etxera joan ziren, baina hurrengo eguneko arratsaldeko bostak arte ez zieten esan han zegoela. Polizia-etxean 48 orduan torturatu zuten». Giza eskubideen defendatzaile bat eraman zuten polizia-etxera, baina ez atxilotuen defentsa bideratzeko, hura akusatzeko baizik. «Manifestazioen bultzatzailea bera zela esanez gero, libre utziko zituztela esan zieten. Giza eskubideen aldeko ekintzailea errudun bihurtu nahi zuten».

Hirugarren eguneko eguerdian agertu ziren Bala eta beste manifestariak epailearen aurrean. «Akusazioak asmatu egin zituzten: gaizkile taldea osatzea, talde horren buruak izatea eta armak izatea». Abuztuaren 11n sartu zituzten espetxean.

«Ez onartu suero marokoarrik»

Fatma Amedanen semeak ere antzeko patua izan du. Hura ere lehendabiziko manifestazioetan atxilotu zuten polizia marokoarrek. Ezkerreko besoan zauritu zuten. «Nire semea, El Uali Chiej Amedan, 1986. urtean jaio zen. Familiak basamortura eraman zuen, eta gero Agadirrera. Baina azkenean berak etxera itzultzea erabaki zuen».

Amedanek adierazi duenez, semea goizeko zortzietan atxilotu zuten zibil zihoazen poliziek. Familiari ez zioten ezer ere esan hamabi ordu pasatu arte. «Lotu egin zuten eta gero torturatu. Hiru egun eman zituen horrela, eta azkenean auzitegira eraman zuten. Froga moduan gurpilak eraman zituzten eta gasolinaz betetako botila batzuk. Botila horiek polizia-etxean bertan bete zituzten, semearen aurrean. ‘Lagundu nahi diguzu?’, esaten zioten botilak betetzen ari ziren bitartean».

Mohamed Bala eta El Uali Chiej Amedan espetxeratu zituztenean Mendebaldeko Saharako preso politikoek gose greban segitzen zuten eta haiek bat egin zuten protestarekin. Amedan sei aldiz eraman behar izan zuten ospitalera. «Semea oso ahul zegoen, bihotzeko mina ere bazuen. Oso egoera arriskutsuan zegoen. Medikuek gose greba egiteari uzteko esaten zioten. Ohetik erori zen. Seigarren aldian ospitalera eraman zutenean konortea galdu zuen», gogoratu du Fatma Amedanek. Orduan gazteak apendizitisa zuela ohartu ziren medikuak. «Operatu egin behar zuten. Ezin zitzaion ebakuntzarik egin eta gau osoan serumarekin egon zen. Gero ebakuntza egin nahi zioten».Azkenean operatu egin zuten. Ebakuntzaren ondoren osatzen ari zela «Poliziak egindako probokazioak» ekarri ditu gogora Amedanen amak. «Behin eta berriro probokatzen zuten. Seruma zergatik hartzen ari zen galdetzen zioten, ‘ez onartu serum marokoarrik’. Egun batean zaindariak arrebaren kontura hasi zitzaizkion zirikatzen, eta orduan semeak seruma kendu zuen kolpetik, beraiengana joan eta jotzeko. Horren ondoren hiru egun bakarturik eduki zuten, bisitarik gabe».Preso politiko sahararren egoera salatzeko Aaiungo Kartzela Beltzeko argazkiak mundu osoan hedatu zirenean, marokoarrek Lahdia Balaren neba akusatu zuten, argazkien ekintzaren atzean zegoela leporatuz. «Gose grebak preso politiko sahararrak Aaiunen elkartzea zuen helburua. Denak batera egotea. Oraingo egoera jasanezina da, drogak hartzen dituen jendearekin batera kartzelan, beste bizimodu eta kultura bat daukate».

«Ahaztu Polisarioaren ergelkeriak»

Presio politikoa eroskeriaren bidez ere egiten saiatu dira agintari marokoarrak, Fatma Amedanen ustez. Horixe egin nahi izan zuten bere semearekin. «Aaiungo gobernadorea Marokoren aldeko beste saharar batzuekin joan zitzaion. Haien artean Aaiungo alkateordea zegoen, Khalihenna ould Rachid Aaiungo alkatearen anaia. Semeari oraindik gaztea zela esan zioten, borroka alde batera uzteko. ‘Gurekin lan egin behar duzu, ahaztu Polisarioaren ergelkeria horiek guztiak. Funtzionarioa izango zara eta zure ama ere bai’».

Errepresioa gorabehera, gazte sahararren protestak ez dira eten. Mendebaldeko Saharan ez ezik, Marokon ere egiten ari dira. Casablanca, Marrakex edo Rabatera joandako ikasle sahararrek mobilizazioak egin dituzte eta protestak areagotu egingo dituzte marokoarren okupazioaren 30. urteurrena iritsi ahala. Marokoko prentsak «atzerriko potentziek ordaindutako hegoaldeko separatistak» deitzen die ikasleei. Polisariokoei «mertzenarioak» edo «traidoreak» esaten die.Gazteek txiki-txikitatik dute barru-barruan sarturik saharar izatearen kontzientzia. Guarhi Brahim ikasle haietako bat da. «Umetatik konturatzen zara hemen zerbait gertatzen ari dela, hau ez dela egoera normala. Denok daukagu aita, osaba, edo senideren bat hilda, desagertuta, gatibu, edo iheslari». Berak zuzenbide ikasketak egin zituen Rabaten. Marokoko hiriburuan borroka politikoari ekin zion, eta espetxeratu egin zuten. «Sei hilabete eman nituen preso ezkutuko kartzela batean hemen, Aaiunen. Izugarria izan zen. Guk soilik genekien gatibu geundela, besterik ez, horrela urte erdi bat. Begiak estalita egoten ginen, eta tortura mota guztiak egiten zizkiguten». 50 ikasle ziren, denak unibertsitarioak. «Marokoren inbasioaren kontra manifestazio baketsuak egiteagatik atxilotu gintuzten. Gure senideek ez zekiten non geunden». Askatu eta gero Guarhi Brahim Rabatera itzuli zen ikasketak bukatzeko.Mayara Mohameden aita ezkutuko kartzela batean hil zen. 1976ko otsailean atxilotu zuten eta 1977ko uztailean hil zen. «Independentzia nahi zuelako eraman zuten. Bera bezala, ehunka lagun hartu zituzten gero. Marokok 1975eko urriaren 31n gure herrialdea inbaditu zuenetik 50 lagunetik gora hil dira ezkutuko espetxeetan itxita».Hori guztia salatzeko Martirien Batzordea sortu dute. Mayara Mohamed errebindikazio horretan engaiatu da. «Mohamed VI.a Marokoko erregeak 2003. urtean sortu zuen Berdintasun eta Berradiskidetzerako Batzordearekin negoziazioak izan ditugu geure kasuak aztertzeko, baina orain arte ez dugu erantzunik jaso. Herritar marokoarren giza eskubideak defendatzen dituzte, baina eskubide horiek sahararrenak direnean, ezer ere ez. Gure aitaren gorpuzkinak ekartzeko borrokan ari gara, baina haiek ez dute hori onartzen. Errepresioa besterik ez».

Beste hainbat sahararren antzera, Espainiaren erantzukizuna gogorarazi du. «Inbasio basatia eta gero hildako edo desagertutako jende asko espainiarra zen, hau da, saharar haiek estatukidetasun espainiarra zuten, agiri espainiarrak. Hau garrantzitsua da eta Espainiako Gobernuak jakin behar luke, onartu beharko luke». Espainian ere lanean hasi da hori guztia lortzeko, baina saioa ez da emankorra izan orain arte. «Madrilgo bi abokaturekin harremanetan jarri gara prozesua nola bideratu jakiteko, baina ez digute erantzun».

«Marokon ez dago gizarte zibilik»

Mayara Mohamedek eta Guarhi Brahimek ez dute indarkerian sinesten, konponbideak «modu baketsuan» heldu behar duela diote. «Rabaten eta beste leku batzuetan manifestazio baketsuak egin ditugu. Geure leloak Marokok Mendebaldeko Sahara okupatzearen aurkakoak izan dira», esan du lehenak. Haren ustez, ordea, Marokoko egoerak eta herritar askoren jarrerak, beren horretan segituz gero, ez dute konponbidea ekarriko: «Gehienek ez dute onartzen herri sahararra independentzia lortzeko egiten ari den borroka. ‘Herri txiki batek zertarako behar du proiektu bat?’ esaten dute. Arazoa hauxe da: Marokon ez dagoela gizarte zibilik. Gizarte zibila egonez gero, jendea kalera irtengo zen Aiaungo kartzeletako argazkiak ikusi eta gero».

Rabatek hegoaldeko probintziak bere egiteko argudiorik ez dagoela azaldu du, Mendebaldeko Sahara ez baita inoiz Maroko izan. «Hemengo kaleetan, gure herrietan, eraikin marokoarrik ikusten duzu? Ez. Espainiarrenak, berriz, bai, ikus ditzakezu, espainiarrak hemen egon zirelako. Sahara Marokorena dela esaten dute beti, baina hala bada, zergatik banatu zuten haien lurraren zati bat Mauritaniarekin 1975ean, Madrilgo Akordioen ondorioz?».Mekka bulebarrean Poliziaren furgoneta bat pasatu da. Ez dago trafiko handirik. Autoren batzuk, taxi txikiak eta handiak. Mattalarako bidea ilun dago. Eguerdian bezala, auzora heldu aurretik Polizia dago, bazter batean. Lehen ibilgailu bat baino ez zegoen eta orain bi daude. Polizia pare bat daude kanpoan, besteak barruan. Aurrera segitu dut futbol zelairaino. Handik eraikineko mutur batera jo dut, musika denda eta teleboutique-aren aldera, hortxe baita hitzordua Rachidekin. Zortzi eta erdiak dira. Rachid ez da agertu. Ez da agertuko. Bat-batean kale batetik jende mordoa agertzen hasi da, bakarka edo taldeka. Manifestazio isila ematen du. Herritar batzuek alfonbra edo oihal bat daramate besapean. Poliziaren furgoneta bat pasatu da aldamenetik argiak piztuta, baina hura ere isilik. Kaleko beste muturrean meskitaren itzalak iluntasuna urratu du.Auzoaren ondoko izkinan Poliziaren bi furgonetek segitzen dute, baina orain agente gehienak kanpoan daude zutik. Me-kka bulebarrean sartu ordez, Dchira plazarantz segitu dut. Inguru horietan pizzeria on bat dagoela dio gidaliburuak.

0 Respuestas a “Bidaia Sahara okupatuan (eta V). Rachiden bila Mattalan”


  1. Ningún Comentario

Añade un Comentario