Saharak ere erabaki eskubidea duela aldarrikatu du Ibarretxek

Euskal Herria eta Saharako herriaren helburua euren «identitatearen defentsa» dela azpimarratu du Eusko Jaurlaritzako lehendakariak, SEADeko presidente Mohamed Abdelazizi Ajuria Enean egindako harreran

Edurne Begiristain - BERRIA.

Etorkizuna beren kabuz erabakitzeko eskubidea duten bi herriren arteko «elkartasun besarkada» ikusi ahal izan zen atzo Ajuria Eneko Jauregian: Euskal Herria eta Saharako herriaren artekoa. Hori izan zen, bederen, Juan Jose Ibarretxe EAEko lehendakariak SEAD Saharako Errepublika Arabiar Demokratikoko presidente Mohamed Abdelazizi egindako harrerarekin islatu nahi izan zuen irudia.

Izan ere, Eusko Jaurlaritzak gonbidatuta, Euskal Herrian da egunotan bisita ofizialean Mendebaleko Saharako ordezkaritza bat, bere presidentea buru dela. Atzo, Ibarretxerekin bildu zen goizean, Ajuria Enea jauregian, ordubetez. Arratsaldean, Leioako (Bizkaia) Artaza jauregian harrera egin zioten Euskal Herriko agintari eta eragile askok.Abdelaziz SEADeko presidente «demokratiko eta zilegia» dela azpimarratu ostean, Euskal Herriak eta Saharako herriak duten helburua «identitatearen defentsa» dela esan zuen Ibarretxek, goizeko bileraren ondorengo hitzaldian: «Identitatea izatea oso garrantzitsua da mundu honetan, identitate barik pertsonak eta herriak izan beharrean, mamuak izango ginatekeelako». Eta, ostean, bi herriek etorkizuna erabakitzeko eskubidea dutela aldarrikatu zuen EAEko lehendakariak. Etorkizuna soilik identitatearen aitorpenetik eraiki daitekeela erantsi zuen: «Guk ozenki aldarrikatuko dugu beti Euskal Herriak bere etorkizuna erabakitzeko eskubidea duela, Saharako herriak berea erabakitzeko eskubidea duen moduan». Mendebaldeko Saharak bizi duen egoera larriaren berri eman zion Abdelazizek Ibarretxeri, eta hark euskal erakundeen eta Eusko Jaurlaritzaren laguntza eta elkartasun osoa helarazi zion. Konpromisoa ere hartu zuen Ibarretxek Saharako herriarekin: «atseden» gabe lan egitea, egunen batean bere etorkizuna erabakitzeko gaitasuna duen Sahara librearen presidentea denari ere «besarkada» eman ahal izateko. «Ahalegin guztiak egingo ditut Saharako herriaren nahia, etorkizuna bere kabuz erabakitzeko nahia, nazioarteko agendan egon dadin», azpimarratu zuen gero. Izan ere, gaineratu zuenez, Saharako auzia ezin da konponbiderik gabe geratu XXI. mendean.

Horregatik, sahararren erabakitzeko eskubidearen defentsa EAEtik kanpo ere aldarrikatuko duela hitz eman zion Ibarretxek; Espainiako Estatuan, Europako Batasunean zein nazioartean dituen harremanetan auziaren berri emango duela agindu zion Abdelazizi EAEko lehendakariak.

«Axolagabetasuna»

Biziki eskertu zuen Abdelazizek Jaurlaritzako lehendakariak egindako harrera eta eskainitako elkartasuna. Sahararrek okupatutako guneetan bizi duten egoeraz kezka azaldu zion Abdelazizek Ibarretxeri, eta nazioarteko komunitateak, Nazio Batuen bidez, egoera horrekiko adierazten duten «axolagabetasuna» salatu zuen. Ildo horretan, Nazio Batuen Erakundeko idazkari nagusi Kofi Annanek Segurtasun Kontseiluari aurkeztu dion azken txostenaren gabeziak nabarmendu zituen. Hala, azpimarratu zuenez, «txosten horrek ez du aipatzen Marokoko Gobernuak erreferenduma egitea galarazten duela eta okupatutako guneetan giza eskubideak urratzen dituela».

Kanpalekuetan bizi diren errefuxiatuen egoeraren ardura, berriz, Espainiako Gobernuari egotzi zion, bertara «behar beste baliabide» bidaltzen ez duelako.

Harrera beroa Artazan

Arratsaldean, harrera beroa egin zioten Leioako Artaza jauregian SEADeko ordezkaritzari. Ehun lagun baino gehiago izan ziren elkartasuna adierazten, besteak beste, Eusko Jaurlaritzako eta alderdietako zenbait ordezkari, foru aldundi eta udaletxeetakoak, kultura mundukoak, sindikalgintzakoak, komu- nikabideetakoak, Sahararekiko elkartasun taldeetakoak…

Hassaniz egin zituen lehenengo hitzak Ibarretxek, eta Eusko Jaurlaritzak sahararren alde lan egiten jarraituko duela berretsi zuen. Euskaraz ere mintzatu zen Abdelaziz, jasotako elkartasuna eskertzeko. Etorkizunean ere bi herrien arteko elkartasun bideak irekita jarraitzea espero duela azpimarratu zuen.

Abdelaziz presidentea ez da 1973. urtetik Aaiunen izan, eta Saharako hiriburuan egon berri diren Berriako bi kazetariak Jose Mari Pastor eta Kristina Berasain Artaza jauregiko harreran zirenez, Sahara okupatuko egoerari buruzko solasaldi informala izan zuen bi kazetariekin.

0 Respuestas a “Saharak ere erabaki eskubidea duela aldarrikatu du Ibarretxek”


  1. Ningún Comentario

Añade un Comentario